HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaApirilak 17
Asteko lehen egunean, Maria Magdalena hilobira joan zen goizean goiz, artean ilun zegoela, eta harria hilobitik kendua ikusi zuen. Orduan, Simon Pedrogana eta Jesusek maite zuen beste ikasleagana itzuli zen lasterka, eta esan zien: «Eraman egin dute Jauna hilobitik, eta ez dakigu non jarri duten» Atera ziren, orduan, Pedro eta beste ikaslea, eta hilobirantz abiatu ziren. Biak batera zihoazen lasterka, baina beste ikaslea Pedro baino arinago zihoan, eta lehenago iritsi zen hilobira. Barrura begiratzeko makurturik, oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen, baina ez zen sartu. Iritsi zen haren atzetik Simon Pedro ere eta hilobian sartu zen. Oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen, baita Jesusen burua biltzen egoniko zapia ere; hau, ordea, ez zegoen oihal-zerrendekin batera jarria, beste toki batean bildua baizik. Orduan, sartu zen beste ikaslea ere, hilobira lehenengo iritsi zena. Ikusi eta sinetsi egin zuen. Izan ere, ordu arte ez zuten ikasleek ulertu Liburu Santuak dioena, Jesusek hilen artetik piztu behar zuela.
Joan 20, 1-9.
Maria Magdalena eta gainerako ikasleen testigantzari esker, lehen kristauen komunitatea zalantza eta nahaste une zail haietatik atera ahal izan zen .
Gaur egun ere, fede arloan hainbat zalantza eta nahasmen dezente izan dezakegu. Guk ere galde diezaiokegu geure buruari: Gaur gure munduan zer gertatzen ari da? Gure elizan zer gertatzen ari da? Ziurtasunik izan dezakegu? Non aurki dezakegu Jainkoa?
Aski dugu Maria Magdalena eta jarraitzaileei erreparatzea. Nola sinesten dute? Jesus berpiztuaren esperientzia izatera iristen dira, axola dutelako, bilatzen dutelako eta misterioari irekita daudelako. Jesus ez da agertzen Herodesengana, letradunengana, hauek ez baitira interesatzen, ez dute bilatzen. Jainkoak ez du inposatzen.
Pazkoaren seme-alabak gara. Bizi gaitezen horrela! Maitasunak heriotza garaitzen du. Joan direnen oroimena garaipen bat da, betiko bizitzaren aldarrikapena.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.