HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaApirilak 16
Asteko lehen-egunean, goizean goiz, hilobira joan ziren emakumeak, prestaturik zituzten usain gozoko ukenduak eramanez. Hilobi-sarrerako harria iraulia aurkitu zuten. Sartu ziren, baina ez zuten Jesus Jaunaren gorpua aurkitu. Zer pentsa ez zekitela zeuden; hartan, bi gizaseme agertu zitzaizkien jantzi distiratsuz. Emakumeak ikaraz eta burumakur zeudela, gizaseme haiek esan zieten: «Zer zabiltzate hilen artean, bizi denaren bila? Ez dago hemen; piztu da. Gogora ezazue Galilean zegoela esan zizuena: Gizonaren Semea bekatarien esku utzi behar zutela eta gurutziltzatu, baina hirugarren egunean piztu egin behar zuela» Haiek Jesusen hitzez oroitu ziren. Eta, hilobitik itzulirik, gertaturiko guztien berri eman zieten Hamaikei eta gainerako ikasleei. Maria Magdalena, Joana eta Santiagoren ama Maria ziren emakumeok; eta hauekin ziren beste emakumeek ere gauza bera esaten zieten apostoluei. Baina hauek zorakeriatzat hartu zituzten berriok, eta ez zieten sinetsi. Hala ere, Pedro jaiki eta hilobira joan zen lasterka; makurturik, oihal-zerrendak besterik ez zuen ikusi, eta etxera itzuli zen gertatuaz harriturik.
Lukas 24, 1-12.
Jesusekin azkeneraino egon ziren emakume leial hauek goizean goiz hilobira joan ziren usain gozoko ukenduak eramanez. Nola izan zen beraien ibilbidea? Isilik ala sentitzen eta pentsatzen zutena partekatzen joan al ziren?
Hilobi sarrerako harria iraulita aurkitzen dute eta barnean, Jesusen gorpua ez dago. Erabat nahasturik daude eta une horretan, pertsonaia distiratsu batzuek galdera bat egiten diete: “Zer zabiltzate hilen artean, bizi denaren bila?
Ondoren, ziurrenik, emakume hauek elkarrizketa bat izan zuten. Orduan, Jesusek esandako hitzak oroitu zituzten. Beraien barne ilun eta tristeak argitzen zihoazela sentitu zuten. Jesus Piztu zen!
Burumakur eta beldurrez egotetik, zutitu eta begirada altxatu zuten. Beldurraren ordez poza, adorea eta itxaropen sakona sentitu zuten.
Poz horrek beste ikasleei berri on hau banatzera eraman zituen, baina inork ez zien sinetsi. Berriok zorakeriatzat hartu zituzten.
Eska diezaiogun Jaunari aurreiritziak alde batera utziz, Jesus Piztuaren aztarnak eguneroko bizitzan somatzen jakin dezagun eta biziak heriotzak baino indar gehiago duela sinesteko fedea.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.