HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 14

Pazko-jaia gainean zen. Jesusek, mundu hau utzi eta Aitagana joateko ordua iritsi zitzaiola jakinik, munduan ziren beretarrak maite izanik, azkenean bete-betean maitatu zituen. Afaltzen ari ziren. Ordurako deabruak sartua zion buruan Simon Iskarioteren seme Judasi Jesus saltzeko asmoa. Jesus, Aitak dena bere esku jarri ziola, Jainkoagandik etorria zela eta Jainkoagana zihoala jakinik, jaiki zen mahaitik, erantzi zuen soingainekoa eta, eskuzapia harturik, gerrian lotu zuen; gero, ontzi bat urez bete eta ikasleei oinak garbitzen hasi zitzaien, eta gerrian zuen eskuzapiaz lehortzen. Simon Pedrogana iritsi zenean, honek esan zion: «Jauna, Zuk niri oinak garbitu?» Jesusek erantzun zion: «Ni egiten ari naizena zuk ez duzu orain ulertzen; geroago ulertuko duzu»

Pedrok berriro: «Zuk ez didazu niri sekula oinik garbituko» Jesusek erantzun: «Garbitzen ez bazaitut, ez duzu nirekin zerikusirik izango» Simon Pedrok esan zion: «Jauna, orduan oinak ez ezik, baita eskuak eta burua ere» Jesusek erantzun zion: «Garbitua hartu duenak ez du oinak baizik garbitu beharrik, erabat garbi baitago; eta zuek garbi zaudete, baina ez denok» Izan ere, bazekien nork salduko zuen; horregatik esan zuen: «Ez zaudete denok garbi» Oinak garbitu zizkienean, soingainekoa jantzi, berriro mahaian eseri eta esan zien: «Ulertzen al duzue egin dizuedana? Zuek Maisua eta Jauna deitzen didazue, eta ongi deitu ere, halaxe naiz eta. Beraz, Nik, Jauna eta Maisua naizen honek, zuei oinak garbitu badizkizuet, zuek ere elkarri oinak garbitu behar dizkiozue. Jarraibide eman dizuet, zuek ere Nik zuekin bezalaxe joka dezazuen»

Joan 13, 1-15.

Jesusek, munduan ziren beretarrak maite izanik, azkenean bete-betean maitatu zituen.”

Kontenpla ezazu Jesus mahaitik altxatzen, mantua kentzen, eskuoihala lotzen, pitxerra eta ontzia hartzen! Begiratu, jarraitzaile bakoitzaren aurrean oinak garbitzeko, nola jartzen den belauniko! Besteen “zikinen” aurrean, beren akatsen, hutsegiteen, bekatuen aurrean egoteko duen modua da. Gure jokabidea askotan zorrotz epaitzera, kritikatzera garamatzan jarrera horretatik urrun, Jesusek aurkakoa adierazten du keinu honekin: Hurbiltasuna, epaiketa alde batera uztea, garbitzeko belauniko jartzea, zerbitzatzea…

Entzun Pedrorekin duen elkarrizketa! Zuk bezala, ia gu guztiok bezala, «Ebanjelioaren jokoa» horretan sartzeari uko egiten diona, dena alderantziz baita: “Garbitzen ez bazaitut, ez duzu nirekin zerikusirik”. Grabatu zure bihotzean Jainkoaren erreinuaren lege hori: Jesusekin zerikusia izateko, bere jarraibidea zerbitzua da, bereziki, txikienen oinak garbitzea!

Pakea Murua

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.