HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaApirilak 12
Aldi hartan, ikasleekin mahaian eseria zegoela, larritu egin zitzaion Jesusi barrua, eta argi adierazi zien ikasleei: «Egi-egiaz diotsuet: Zuetako batek salduko nau» Ikasleak elkarri begira jarri ziren, zeinez ari zen asmatu ezinik. Ikasleetako bat, Jesusek hain maite zuena, haren ondo-ondoan zegoen mahaian. Simon Pedrok keinu egin zion, zeinez ari zen galdetzeko adieraziz. Hark, burua Jesusen bular gainean jarriz, galdetu zion: «Zein da, Jauna?» Jesusek erantzun zion: «Ogi-puska busti hau emango diodana, huraxe da» Eta ogi-puska bustiz, Judasi, Simon Iskarioteren semeari, eman zion. Eta ogi-puskarekin batera Satanas sartu zitzaion barrura. Orduan, Jesusek esan zion:
«Egin behar duzuna egizu berehala» Mahaikideetako inork ez zuen ulertu zergatik esan zion hori. Judasek diru-poltsaren ardura zuenez, zenbaitek uste izan zuen jairako behar zena erosteko edota behartsuei zerbait emateko esan ziola. Judas ogi-puska hartu eta berehala atera zen. Gaua zen. Atera zenean, esan zien Jesusek: «Oraintxe agertuko da Gizonaren Semearen aintza, eta haren bidez Jainkoarena. Jainkoaren aintza haren bidez agertzen bada, Jainkoak ere bere aintzaz beteko du hura, eta berehala gainera. Semetxook, oraintxe ez nago luzarorako zuekin. Nire bila ibiliko zarete, baina juduei esan niena bera esaten dizuet zuei ere: “Ni noan tokira, zuek ezin zarete joan”» Simon Pedrok galdetu zion: «Jauna, nora zoaz?» Jesusek erantzun: «Ni noan lekura zuk ezin didazu jarraitu orain niri; geroago bai, jarraituko didazu» Pedrok esan zion: «Zergatik ezin dizut jarraitu orain? Neure bizia emango dut zugatik» Jesusek erantzun zion: «Zeure bizia emango duzula nigatik? Egi-egiaz esaten dizut: Oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nauzu»
Joan 13, 21 – 33. 36-38.
Une batez jar gaitezen Jesusen lekuan, bere sentimendu eta pentsamenduan: “Ikasleekin mahaian zegoela, larritu egin zitzaion Jesusi barrua”.
Jada badirudi Jesusek atzeman zuela Judas pixkanaka berarengandik urruntzen zihoala. Agian, behin baino gehiagotan, Jesusek Judasekin bere jokaera batzuei buruz elkarrizketa izan zuen eta beti aukera berriak eskainiz eta berarengan konfiantza jartzen zuela adieraziz.
Judas lagun bati traizio egiteko gai den gizakiaren arketipo bihurtu da, bere burua diruaren truke saltzeko gai dena.
Jesusek Pedro ere oso ondo ezagutzen du, baita maitatu ere. Pedrok, “Harria” ezizenarekin, gizakien ahulezia eta koldarkeria islatzen ditu bere hiru ukazioen bidez.
Pentsa ezazu une batez zein jokaera izango zenukeen afari horretan bazeunde! Judas edo Pedrorekin zerikusirik bai? Entzun Jesusi! Zer esaten dizu?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.