HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 10

K Ordua etorri zenean, Jesus mahaian jarri zen apostoluekin eta esan zien:

† «Banuen gogoa, sufritu aurretik pazko-afari hau zuekin egiteko. Hara zer diotsuedan: ez dut gehiago Pazkoa ospatuko, hau Jainkoaren erreinuan bere betera iritsi arte».

K Eta edalontzi bat hartu, esker onezko otoitza egin eta esan zuen:

† «Hartzazue eta banatu zeuen artean. Hara zer diotsuedan: ez dut gaurdanik gehiago ardo honetatik edango, Jainkoaren erreinua iritsi arte» Egizue hau nire oroigarri.

K Gero, ogia hartu eta, esker onezko otoitza eginez, zatitu eta eman zien, esanez:

† «Hau nire Gorputza da, zuentzat emango dena. Egizue hau nire oroigarri».

K Afal ondoan gauza bera egin zuen edalontziarekin, esanez:

† «Edalontzi hau itun berria da, zuentzat isuriko den nire Odolaz ezarria.

Dohakabea Gizonaren Semea salduko duena!

 K Baina begira, nirekin mahaian dago salduko nauena. Gizonaren Semea badoa, erabakia dagoen bezala; baina dohakabea salduko duena!»

K Ikasleak beren artean galdezka hasi ziren, nor izan ote zitekeen hori egingo zuena. Ni zerbitzari bezala nago zuen artean.

K Eztabaida sortu zen ikasleen artean, zein ote zen handiena beren artean. Jesusek esan zien:

† «Herrietako erregeek menpean hartzen dituzte beren herriak, eta agintedunek “Ongile” deitzea nahi izaten dute. Zuek ez jokatu horrela; zuen artean nagusiena izan bedi gazteenaren pareko, eta agintaria zerbitzariaren pareko. Izan ere, zein ote da handiago, mahaian jarrita dagoena ala zerbitzatzen ari dena? Ez ote da mahaian dagoena? Ba, Ni zerbitzari bezala nago zuen artean. Zuek nirekin iraun duzue nire probaldietan. Eta Nik erreinua ematen dizuet, Aitak niri eman zidan bezala; nire mahaian jango eta edango duzue nire erreinuan, eta tronuetan eseriko zarete, Israel herriko hamabi leinuak epaitzeko»

Zuk, nigana bihurtzean, sendo itzazu zeure senideak.

K Eta esan zuen gainera:

† «Simon, Simon! Satanasek beretzat nahi zaituzte, garia galbahean bezala zuek astintzeko; baina Nik otoitz egin dut zure alde, zure fedea itzal ez dadin. Eta zuk, nigana bihurtzean, sendo itzazu zeure senideak».

K Pedrok esan zion:

S «Jauna, prest nago zurekin baita kartzelara eta heriotzara ere joateko».

K Jesusek erantzun zion:

† «Hara zer diotsudan, Pedro: gaur oilarrak jotzerako, hiru aldiz ukatuko duzu Ni ezagutzen nauzula»

Nigan bete beharrekoa da idatzirik dagoena.

K Ondoren, guztiei esan zien:

† «Falta izan al zenuten ezer, poltsarik eta zakutorik eta oinetakorik gabe bidali zintuztedanean?»

K Haiek erantzun:

S «Ezer ere ez».

K Jesusek berriro:

† «Orain, ordea, poltsa duenak har dezala eta gauza bera zakutoa duenak; eta ezpatarik ez duenak sal dezala soingainekoa eta erosi ezpata. Zeren egiaz diotsuet, Nigan bete beharrekoa dela Liburu Santuan idatzirik dagoen hau: “Gaizkileen kidekotzat jo zuten”. Izan ere, nireak laster egingo du».

K Haiek esan zioten:

S «Jauna, baditugu hemen bi ezpata».

K Hark erantzun:

† «Nahikoa da!»

Larriak harturik, are eta lehiatsuago egiten zuen otoitz.

K Atera zen Jesus eta, ohi zuen bezala, Oliamendira joan zen; ikasleek ere jarraitu zioten. Hara iristean, Jesusek esan zien:

† «Egizue otoitz tentaldian ez erortzeko».

K Eta haiengandik harrikada bat bide aldendurik, belauniko honela egin zuen otoitz:

† «Aita, nahi baduzu, urrun ezazu nigandik edari mingots hau; baina ez bedi egin nire nahia, zurea baizik».

K Hontan, aingeru bat agertu zitzaion zerutik, adore emanez. Eta, larriak harturik, are eta lehiatsuago egiten zuen otoitz. Izerdia tantaka zerion lurrera, odola bezain lodi. Otoitzetik zutiturik, ikasleengana joan zen; nahigabearen nahigabez, lo aurkitu zituen, eta esan zien:

† «Nolatan zaudete lo? Jaiki eta egin otoitz, tentaldian ez erortzeko»

Judas, musu batekin saltzen al duzu Gizonaren Semea?

K Oraindik hizketan ari zela, gizatalde bat agertu zen; Hamabietako bat, Judas zeritzana, zetorren haien buru, eta Jesusengana hurbildu zen musu ematera. Jesusek esan zion:

† «Judas, musu batekin saltzen al duzu Gizonaren Semea?»

K Gertatzera zihoana ikusirik, Jesusen inguruan zeudenek esan zioten:

S «Jauna, erasoko al diegu ezpataz?»

K Eta haietako batek apaiz nagusiaren morroia jo eta eskuineko belarria moztu zion. Baina Jesusek esan zuen:

† «Utzi! Nahikoa da!»

K Eta, belarria ukituz, sendatu egin zuen. Orduan, beraren aurka etorriak ziren apaizburu, tenpluko guardia-buru eta herriko zaharrei esan zien:

† «Lapur baten bila bezalaxe etorri zarete, ezpata eta makilekin. Egunero zuekin nintzen tenpluan, eta ez zenidaten eskurik erantsi; baina oraintxe da zuen ordua, ilunpearen nagusialdia»

Kanpora irtenik, negarrari eman zion Pedrok saminki.

K Jesus preso hartu eta apaiz nagusiaren etxera eraman zuten. Pedrok urrutitik jarraitu zion. Batzuk patio erdian sua piztu eta inguruan eserita zeuden; Pedro ere haien artean eseri zen. Neskame batek, Pedro sutondoan eserita ikustean, begira-begira jarri eta esan zion:

S «Hau ere Jesusekin ibili ohi zen».

K Baina hark ukatu egin zuen:

S «Emakume, nik ez dut ezagutzen hori!»

K Handik berehala, beste batek ikusi eta esan zion:

S «Zu ere horietakoa zara».

K Eta Pedrok:

S «Ez, gizona! Ni ez!»

K Handik ordubetera edo, beste batek gogor egiten zuen:

S «Bai, hau ere Jesusekin ibili ohi zen, galilearra da eta»

K Pedrok erantzun zuen:

S «Ez dakit zertaz ari zaren, gizona!»

K Eta une berean, oraindik hizketan ari zela, oilarrak jo zuen. Itzuli zen Jauna eta Pedrori begiratu zion. Gogoratu zitzaion Pedrori Jaunak esandakoa: «Gaur oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nauzu», eta, kanpora irtenik, negarrari eman zion saminki.

K Jesus preso zeukatenek burlaka eta joka zerabilten. Begiak estalirik, galdetzen zioten:

S «Asma ezak, profeta: zeinek jo hau?»

K Eta beste hitz iraingarri asko esaten zioten.

Batzar Nagusira eraman zuten.

K Eguna argitu zuenean, herriko Zaharren Kontseilua, apaizburuak eta lege-maisuak bildu ziren, eta Jesus Batzar Nagusira eraman zuten. Hau esan zioten:

S «Mesias baldin bazara, esaguzu».

K Jesusek erantzun:

† «Esaten badizuet, ez didazue sinetsiko eta, galdetzen badizuet, ez didazue erantzungo. Baina hemendik aurrera, Gizonaren Semea Jainko ahalguztidunaren eskuinean eseria egongo da».

K Orduan, denek esan zuten:

S «Beraz, Jainkoaren Semea zara Zu?»

K Hark erantzun zien:

† «Zeuek diozue, Ni naiz».

K Haiek orduan:

S «Ba al dugu testigantza beharrik? Geuk entzun dugu beraren ahotik».

K Jaiki ziren denak eta Pilatogana eraman zuten Jesus.

Nik ez diot errurik aurkitzen gizon honi.

K Han Jesus salatzen hasi ziren, esanez:

S «Gure herria nahaspilatzen aurkitu dugu hau; enperadoreari zergak ordaintzea galarazten du eta bera Mesias, erregea, dela esaten».

K Pilatok galdetu zion:

S «Juduen erregea al zara Zu?»

K Jesusek erantzun zion:

† «Zeuk diozu».

K Pilatok apaizburuei eta jende-taldeari esan zien:

S «Nik ez diot errurik aurkitzen gizon honi».

K Baina haiek, behin eta berriro:

S «Judea guztian zehar herria asaldatzen ari da bere irakatsiekin, Galileatik hasi eta honaino».

K Hori entzutean, gizon hura galilearra zen galdetu zuen Pilatok. Eta, Herodesen menpekoa zela jakin zuenean, harengana bidali zuen, Jerusalemen baitzen egun haietan.

Herodesek, bere gudariekin batean, mespretxuz erabili zuen Jesus.

K Biziki poztu zen Herodes Jesus ikustean, aspaldian baitzuen hura ikusteko gogoa, hartaz entzuna zuenagatik; mirariren bat egiten ikusiko zuela ere espero zuen. Herodesek galdera asko egin zion, bainaJesusek ez zion hitzik ere erantzun. Bitartean, han ari ziren apaizburuak eta lege-maisuak salatu eta salatu. Herodesek, bere gudariekin batean, Jesus mespretxuz eta isekaz erabili ondoren, soineko distiratsu bat jantzi eta Pilatogana bidali zuen berriro. Egun hartan adiskidetu egin ziren Pilato eta Herodes, lehen etsai baitziren.

Pilatok haien esku utzi zuen Jesus.

Pilatok apaizburuak, agintariak eta herria berriro bildu eta esan zien:

S «Gizon hau herriaren nahasle bezala ekarri didazue; baina galderak egin dizkiot zuen aurrean eta ez diot aurkitu zuek egozten diozuen errurik bat ere; ezta Herodesek ere, gugana bidali baitu ostera. Honek ez du heriotza merezi duenik ezer egin. Beraz, zigorraldi bat eman eta askatu egingo dut».

K Baina guztiek aho batez deiadarka esan zioten:

S «Ken hori eta aska iezaguzu Barrabas».

K Hirian izandako matxinada eta giza hilketa batengatik espetxean sartua zuten Barrabas hori. Jesus askatu nahian, Pilato berriro mintzatu zitzaien. Baina haiek deiadarka jarraitu zuten:

S «Gurutzera hori! Josi gurutzean!»

K Pilatok hirugarren aldiz esan zien:

S «Zer oker egin du, bada, honek? Nik ez dut hau kondenatzeko arrazoirik aurkitzen. Beraz, zigorraldi bat eman eta askatu egingo dut».

K Baina haiek deiadar eta deiadar ari ziren gurutzera zezala eskatuz, eta gero eta handiagoak ziren deiadarrak. Orduan, Pilatok haien eskabideari men egitea erabaki zuen, etahaiek eskatzen zutena, matxinada eta hilketagatik espetxean zegoena, askatu eta haien esku utzi zuen Jesus.

Jerusalemgo emakumeok, ez egin negarrik nigatik.

K Jesus gurutziltzatzera zeramatela, sorotik zetorren bat, Simon Zirenekoa, hartu zuten eta gurutzea leporatu zioten, Jesusen atzetik eraman zezan. Herriko jende-talde handia zihoan Jesusen ondoren, baita emakume asko ere, bular joka eta harengatik aieneka. Itzuli zen Jesus haiengana eta esan zien:

†.«Jerusalemgo emakumeok, ez egin negarrik nigatik; egizue negar zeuengatik eta zeuen seme-alabengatik. Hara, badatoz honako hau esango den egunak: “Zorionekoak agorrak, haurrik sortu ez duten sabelak eta hazi ez duten bularrak!” Orduan, honela hasiko dira mendiei esaten: “Eror zaitezte gure gainera”, eta muinoei: “Ezkuta gaitzazue”. Izan ere, egur hezeari hau egiten badiote, zer ez ote diote egingo iharrari?»

K Jesusekin batera, bi gaizkile ere eraman zituzten hiltzera.

K «Buru-hezur» zeritzan lekura iritsi zirenean, han gurutziltzatu zuten Jesus, baita bi gaizkileak ere, bata Jesusen eskuinean eta bestea ezkerrean. Jesusek honela zioen:

† «Aita, barka iezaiezu, ez baitakite zer ari diren».

K Gudariek Jesusen jantziak banatu zituzten, zotz eginez. Hau juduen erregea da.

K Herria begira zegoen. Agintariak, berriz, burlaka ari zitzaizkion, esanez:

S «Besteak salbatu dizkik; salba dezala bere burua, Jainkoaren Mesias, Aukeratua, baldin bada».

K Gudariek ere iseka egiten zioten; hurbildurik, ozpina eskaintzen zioten, esanez:

S «Juduen erregea baldin bahaiz, salba ezak heure burua!»

K Gainean idazkun hau zuen: «HAU JUDUEN ERREGEA DA»

Gaur nirekin izango zara paradisuan.

Gurutzetik zintzilik zeuden gaizkileetako bat Jesusi irainka ari zitzaion:

S «Hi ez al haiz, ba, Mesias? Salba ezak heure burua eta salba gaitzak gu ere!»

K Baina besteak haserre egin zion, esanez:

S «Ez al diok beldurrik Jainkoari, zigorra jasaten hagoela ere? Gurea legezkoa duk, geure eginengatik merezia baitiagu; baina honek ez dik inolako okerrik egin».

K Gero, esan zuen:

S «Jesus, oroit zaitez nitaz, zeure erreinura iristean».

K Jesusek erantzun zion:

† «Benetan diotsut: gaur nirekin izango zara paradisuan»

K Eguerdi aldea zen, eta ilundu egin zuen lurbira osoan hirurak arte. Eguzkia ezkutatu zen eta santutegiko oihala erdiz erdi urratu zen. Jesusek deiadar handiz esan zuen:

† «Aita, zure eskuetan uzten dut neure espiritua!»

K Eta hau esanik, azken arnasa eman zuen.

Hemen, belauniko jarri eta egonalditxo bat egingo da.

Erromatar ehuntariak, gertatua ikusirik, Jainkoa goretsi zuen, esanez:

S «Benetan zintzoa zen gizon hau!»

K Ikuskizunera joandako jende guztia, gertatua ikusirik, bular joka itzuli zen hirira. Han zeuden Jesusen ezagun guztiak, baita Galileatik jarraitu zioten emakumeak ere, urrutitik dena ikusten.

Harkaitzean zulaturiko hilobian ipini zuen Josek Jesusen gorpua.

Orduan, Zaharren Kontseiluko kide bat etorri zen, Jose zeritzana, gizon on eta zintzoa; honek ez zituen ontzat eman Batzar Nagusiaren erabakiak eta jokabidea. Judeako Arimatea herrikoa zen, eta Jainkoaren erreinua noiz iritsiko zain zegoen. Josek, beraz, Pilatogana aurkeztu eta Jesusen gorpua eskatu zion. Jesus gurutzetik eraitsirik, izara batean bildu eta harkaitzean zulaturiko eta lehen inor ehortzi gabeko hilobian ipini zuen. Pazko-jairako prestaketa-eguna zen, eta larunbata hastera zihoan. Jesusekin Galileatik etorritako emakumeek Joseri jarraitu zioten eta hilobia ikusi zuten, baita Jesusen gorpua nola jartzen zuten ere. Gero, itzuli eta usain gozoko ukenduak eta mirra prestatu zituzten. Larunbatean atseden hartu zuten, agindua zegoen bezala.

Lukas 22, 14 – 23, 56.

Kontakizun honek Jesusen bizitzako azken uneak zeharkatzen laguntzen digu. Galileatik lagundu zioten gizon-emakumeen ondoan eserita agertzen zaigu. Badaki agintari politiko eta erlijiosoekin izandako liskarrek, bere bizitza itzulerarik gabeko puntu batera eraman dutela. Ogiaren eta ardoaren keinu partekatuek trinkotasun sakona hartzen dute. Jesusek bere bizitza emateak, fideltasuna eta  bere existentziatik sortzen den doakotasuna adierazten ditu.

Bere bidelagunek gertatzen ari dena nekez ulertzen dute. Gobernu lanpostuekin amets egiten jarraitzen dute. Baina Jesusek zera gogorarazten die, Jainkoaren Erreinua ez dela konkistatzen. Jainkoaren Erreinua mahaia zerbitzatzen denean aurkitzen da. Mahai bat, non ogia eta ardoa guztiona den.

Olibondoen baratzetik gurutzera doan bide motel horretan, hurbiletik, Galileatik Jerusalemera igo ziren emakumeek laguntzen diote. Emakumeek Jesus eutsi egiten diote, mina eta beldurra izan arren. Emakumeek porrota sentitzen dute, baina badakite ezerk ez dituela aldenduko Jesusengandik. Beraien lagun eta maisuak, askatu, aukeratu eta Erreinuaren proiektuan bere ikasle eta kide izatera gonbidatu zituen, eta beraiek leialki iraun zuten. Azkeneraino.

Pakea Murua

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.