HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 9

Aldi hartan, Maria ikustera joandako judu askok, Jesusek Lazarorekin egina ikustean, harengan sinetsi zuen. Haietako batzuek, ordea, fariseuengana joan eta Jesusek egin zuena kontatu zieten. Orduan, apaizburuek eta fariseuek Batzarra bildu zuten, eta esan: «Zer egin? Gizon hau ezaugarri asko egiten ari da. Horrela jarraitzen uzten badiogu, denek sinetsiko dute honengan, etorriko dira erromatarrak eta suntsitu egingo dizkigute bai tenplua eta bai herria» Batzarkideetako batek, urte hartan apaiz nagusi zen Kaifasek, esan zien: «Zuek ez dakizue ezer. Ez al zarete konturatzen hobe duzuela gizon bat herriagatik hiltzea, herri osoa galtzea baino?»

Kaifasek ez zuen hori bere kabuz esan; baizik eta, urte hartan apaiz nagusi zenez, profeta bezala hitz egin zuen, Jesus herriaren alde hilko zela adieraztean; eta herriaren alde ez ezik, baita sakabanaturik zeuden Jainkoaren seme-alabak elkartzeko ere. Eta egun hartan, Jesus hiltzea erabaki zuten. Horregatik, Jesus ez zen agerian ibiltzen juduen artean. Basamortu ondoko bazter batera alde egin zuen, Efraim izeneko herrira, eta han egon zen ikasleekin. Juduen Pazkoa gainean zen, eta herrialdeko jende asko Jerusalemera igo zen Pazkoa baino lehen, garbikuntzak egiteko. Jerusalemera etorriak Jesusen bila zebiltzan eta, tenpluan topo egitean, galdetzen zioten elkarri: «Zer deritzozue? Ez ote da jaietara etorriko?»Apaizburuek eta fariseuek agindua zuten, baldin inork Jesus non zen jakiten bazuen, sala ziezaiela, atxilotu ahal izateko.

Joan 11, 45-57.

Bizitzako gertaerak edota mezu on batek aurkako erantzunak jaso ditzake, nork esaten duenaren arabera, gaurkoan ikusten dugun bezala: batzuek sinetsi eta beste batzuk are eta kontrakoago jarri. Zenbat kostatzen den besteak egin dezakeen on guztia onartzea! Onartzeak boterea kenduko baligu bezala ulertzen baitugu, txikiago egingo bagintu bezala. Agian, aitortza horrek, gure iluntasuna eta on eza ageriago jartzen dituelako? Garai hartako juduei eta gaur guri ere. Pentsatzen jarrita, horrelako zenbat jarrera! Ez al da askotan gertatzen, gainera, gaztelaniazko esaera hark dioena: “Ortuzainaren txakurra bezala: ez du jaten eta ez du jaten uzten ere”? Jesusi horrelako zerbait gertatu zitzaion. Are gehiago; beraien artean ondo konpontzen ez zirenak beraien artean elkartzea lortu zuen heriotzazko, iluntasunezko ekintza bat burutzeraino. Irrikak edo handinahiak mugarik ez daukanean edozein trakeskeria eta ankerkeria sor dezake. Ba al dakit besteek egiten duten ongia egoki onartzen eta aitortzen?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.