HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 6

Aldi hartan, Jesusek esan zien beragan sinetsi zuten juduei: «Nire hitzean irauten baduzue, egiaz nire ikasle izango zarete; ezagutuko duzue egia, eta egiak aske egingo zaituzte» Erantzun zioten: «Gu Abrahamen ondorengoak gara, eta ez gara inoiz inoren esklabo izan. Nola diozu aske izango garela?» Jesusek erantzun zien: «Egi-egiaz diotsuet: Bekatu egiten duena bekatuaren esklabo da. Esklaboa ez da etxean betiko geratzen; semea, bai, betiko geratzen da. Beraz, Semeak askatzen bazaituzte, benetan aske izango zarete. Badakit, bai, Abrahamen ondorengoak zaretela; baina Ni hil nahian zabiltzate, nire hitza ez baita zuengan sustraitzen. Neure Aitaren ondoan ikusi dudanaz mintzo naiz Ni; zuek, berriz, zeuen aitagandik ikasi duzuena egiten duzue» Haiek erantzun zioten: «Abraham dugu aita» Jesusek orduan: «Abrahamen seme bazinete, Abrahamek egin zuena egingo zenukete. Zuek, ordea, Ni hil nahian zabiltzate, eta Jainkoari entzundako egia besterik ez dizuet esan. Abrahamek ez zuen horrelakorik egin. Zuek zeuen aitak egiten duena egiten duzue» Erantzun zioten: «Gu ez gara sasikume; aita bakarra dugu, Jainkoa» Jesusek orduan: «Zuen aita Jainkoa balitz, maite izango nindukezue, Ni Jainkoagandik atera bainaiz eta etorri; Ni ez naiz neure kabuz etorria, hark bidalia baizik»

Joan 8, 31-42.

Bizitzan sustraitzea eta errentatik ez bizitzea. Jesusek hauxe da gaurkoan azpimarratzen diguna bereziki. Eta bere Hitza eta bizitza estiloa arnastea eta hauek gugan errotzea, egia ezagutzen joatea da. Aldi berean, pausoz pauso, ezagutza horrek askatasunera darama. Bestalde, egiten zaigun bizitzako gonbidapen hori sustatzea, elikatzea, areagotzea gure esku dago, bestela, zentzugabekeriaren esklabutzan eta inkoherentzian erraz eror gintezke. Jesusek orduko juduei esan zien bezala, guri ere gaur galde diezaguke, antzekoa esanez: “Egiaz zure jatorria ezagutzen duzula? Eta, egiazko ezagutza horretatik bizi zarela?” Horrelako zerbait entzuteko zabalik nago edota atseginago zait sakontasunezko planteamendurik gabe bizitzea?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.