Gauzak lehen pertsonan bizi (Jn 20, 19-31)

2022 Api 4
Ez da hain gaizki egoten iluntzean,
arratseko argi ahulean,
etxeko lasaitasunean…
ateak itxi eta kito:
adiskideak geratzen gara soilik
gure oroitzapenen erdian,
konplikazio handirik gabe,
bizitzak berak ere nahikoa konplikazio ematen baitizkigu
(jarrera normala da gurea, aitortu behar duzu,
zeren egia esan, kanpora ateratzeak
guri ere beldurra eragin ohi digu-eta).

Eta horra non heltzen zaren Zu,
hain zeurea duzun “bakea zuei” hori esanez,
eta dena nahasten duzu.
“Bakea” esan
eta inon ez den istilua antolatzen duzu.
Zure zauriekin nahastu ohi ditugun
gure zauri zaharren sufrimendutik
alaitasun sakona ateratzen duzu
bat-batean,
itxialditik bidali egiten gaituzu,
beldurra ausardi bihurtuz,
eta bekatuaren baldarkeriatik
barkamena ateratzen duzu.

Jakina, ez dugu beti sinisten.
Zuk ere aitortu behar duzu ez dela erraza:
hizkera zaharkitua erabiliz kontatzen
eta sinistarazi nahi dizkiguten gauzak,
egia esan, gaur egun behintzat,
ez dira egunero gertatzen.

Ez diegu gainerakoei zalantzagarri irizten
(edo agian bai)
eta ez dugu uste engainatu nahi gaituztela
edo beren burua engainatzen dutela, ez
(edo agian bai).
Baina ulertu behar duzu gauza batzuk
lehen pertsonan bizi behar direla,
ez da ikasten besteen esperientziatik;
ulertu behar duzu laguntza behar dugula
gauzok interpretatu ahal izateko…
noizean behin bederen.

Mila esker gureganaino etortzeagatik.
Eskerrik asko, zeure burua eskaini diguzula erakusteagatik,
baita gutako bakoitzaren historian ere.
Eskerrak egiten diguzun gonbitagatik:
esperientzia horretan sakontzeko,
atzamarra zaurian sartu
eta gurekin segitzen duzula sinesteko,
zugan eta zure proiektuan konfiantza eduki
eta zure alde zurekin apustua egitera
gonbidatzen gaituzulako.

Zurekin ibili nahi dugu, Jauna.
Sinetsi nahi dugu,
konfiantzaz zurekin apustua egin,
baita ikusten ez dugunean ere,
baita etxean itxita,
zure esperientzia kontu erreal eta hurbila ez denean,
mamuaren antzeko zerbait iruditzen zaigunean ere.
Esaguzu behin eta berriro
“Ez izan sinesgogor, sinestedun baizik”
eta horrela guk ere
“Ene jauna eta ene Jainkoa” esan ahalko dugu,
egunero nola salbatzen gaituzun
ulertu ahal izango dugu
eta bizi betea izango dugu orduan.