HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 4

Aldi hartan, Jesusek esan zien fariseuei: «Ni naiz munduaren argia; niri jarraitzen didana ez da ilunpean ibiliko; izango du bizirako argia» Fariseuek esan zioten: «Zuk zeure buruaren alde egiten duzu aitormen; beraz, zure aitormenak ez du balio» Jesusek erantzun zien: «Nik aitormen neure buruaren alde egiten badut ere, nire aitormenak balio du, ongi baitakit Nik nondik etorria naizen eta nora noan; baina zuek ez dakizue, ez nondik natorren, ez nora noan. Zuek giza erara epaitzen duzue; Nik ez dut inor epaitzen. Eta epaituko banu ere, nire epaia baliozkoa izango litzateke, ez baitut Nik bakarrik epaitzen, bidali nauen Aitak eta biok baizik. Eta zuen legean dago idatzia, bi lagunen aitormena baliozkoa dela. Honela bada, Nik neure buruaren alde egiten dut aitormen; baina bidali nauen Aitak ere egiten du aitormen nire alde» Haiek galdetu zioten: «Non da zure Aita?» Jesusek erantzun zien: «Ez Ni, ez nire Aita, ez gaituzue ezagutzen. Ni ezagutuko baninduzue, nire Aita ere ezagutuko zenukete». Tenpluan irakasten ari zela, diru-kutxa ondoan, egin zituen Jesusek adierazpen hauek. Hala ere, ez zion inork eskurik erantsi, ez baitzen artean iritsia haren ordua.

Joan 8, 12-20.

Sakoneko ezagutzak argizko bidean jartzen gaitu, zentzuzko galderen aurrean kokatzen gaituelako, galderak ilunenak badira ere. Arrasto hori jarraitzeak gizakiago egiten gaitu, Izatea eman zaigun altxor horretara gero eta gehiago hurbiltzeak berekin aurkikuntza eder bat dakar: okerrena egiteko gai naiz bai, baina onena ere bai. Neu eta besteak, baita ere. Hortik indar gehiago hartzen dute Jesusen gaurko hitzek: “…ongi baitakit Nik nondik etorria naizen eta nora noan; baina zuek ez dakizue…”. Eta nondik gatozen eta nora goazen ez dakigunean, gure epaiak eta munduan egoteko eta izateko modua “haragizkoa” dira, eta ez “gizatasunezkoak”. Bizirako argiaren bila nabil edota nahiago dut ezjakintasunaren ilunpean jarraitu?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.