HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaApirilak 3
Aldi artan, Jesus Oliamendira joan zen. Biharamun-egunsentian, ordea, tenplura agertu zen berriro, eta herri guztia etorri zitzaion; Jesus eseri eta irakasten hasi zitzaien. Lege-maisuek eta fariseuek adulterioan harrapatutako emakume bat ekarri zioten eta, erdian ipiniz, esan zioten Jesusi: «Maisu, emakume hau adulterioan ari zela harrapatu dute. Moisesek horrelakoak harrika hiltzeko agindu zigun legean. Zuk zer diozu?» Azpikeriaz esaten zioten hori, zertan salatu izateko. Jesus, ordea, makurtu eta atzamarrez lurrean idazten hasi zen. Baina haiek galde eta galde ari baitzitzaizkion, zutitu eta esan zien: «Zuetan bekaturik gabe dagoenak bota diezaiola lehenengo harria» Eta, berriro makurturik, lurrean idazten jarraitu zuen. Haiek, hori entzutean, banan-banan alde egiten hasi ziren, zaharrenetatik hasita. Jesus bakarrik gelditu zen, emakumea aurrean zuela. Jesusek, zutiturik, esan zion: «Emakume, non dira salatzaileak? Ez al zaitu inork gaitzetsi?» Hark erantzun: «Inork ere ez, Jauna» Orduan Jesusek: «Ezta Nik ere, ez zaitut gaitzesten. Zoaz eta ez egin berriro bekaturik»
Joan 8, 1-11.
Aurreiritziak, zuzentasun eza…, bakarrik ez; gaurkoan beste erantsi bat: besteak epaitu eta kondenatzeko azkartasuna, norbera neurria izanik. Eta neurri hori erabat zuzena izango balitz, gaitz erdi! Baina, askotan eta askotan, itxurakeriaren neurritik eta hitz jarioan babesturik besterik ez da. Zein erraz erabiltzen ditugun epaiketarako neurri desberdinak: neure buruarekiko denean, nekea, xamurtasuna eta guztia justifikatuz; bestearekiko denean, prestutasunez, gogorkeriaz eta irmoki. Bi mugimendu ederrak Jesusek gaurkoan uzten dizkigunak: “…makurtu eta atzamarrez lurrean idazten hasi zen…, eta zutitu eta esan zien…”. Esanez bezala, ‘besteekiko edozer esan aurretik, distantzia hartu, jarrera aldatu eta has zaitez zeure burua aztertzen. Eta, gero, gerokoak…”. Zenbateraino onartzen dut “Ezta Nik ere, ez zaitut gaitzesten. Zoaz…” eskakizun edota gogoeta hau?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.