HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaApirilak 1
Aldi hartan, Jesus Galilean zebilen; ez zuen Judean ibili nahi, juduek hil egin nahi baitzuten. Hurbil zen Etxola-jaia, juduen jaietariko bat. Jesusen senideak jaietara joan zirenean, Jesus ere joan zen; baina ez agerian, erdi ezkutuan baizik. Jerusalemdar batzuek zioten: «Ez al da hau hil nahi dutena? Lasai asko ari da, bada, hizketan, eta ez diote ezer esaten. Onartu ote dute agintariek hau dela Mesias? Baina hau badakigu nongoa den; Mesias etorriko denean, ordea, ez du inork jakingo nongoa den» Orduan, Jesusek, tenpluan irakasten ari zela, oihuka esan zuen: «Ni ezagutzen nauzue eta badakizue nongoa naizen. Baina Ni ez naiz neurez etorri, baizik eta fidagarria denak bidali nau, eta zuek ez duzue hura ezagutzen. Nik, bai, ezagutzen dut, harengandik bainator eta hark bidalia bainaiz» Orduan, atxilotu egin nahi izan zuten; baina ezin izan zion inork eskurik erantsi, ez baitzen artean iritsia haren ordua.
Joan 7, 1-2. 10. 25-30.
Aurreiritziek zenbat kalte egiten duten eta diguten! Eta, aldi berean, zein gureak diren. Azkar batean sortuz, gainera. Horretaz jabetzea eta hausnartzea dagokigu. Aurreiritziak pertsona erabat mugatzen du eta betirako baldintzatua geldi daiteke; bereziki, pentsamoldeak, ikuspegiak, estiloak… elkarbanatzen ez badira eta bakoitzak berea onena dela sinesten duenean. Jesusek gaurkoan uzten digun erronka, benetan esanguratsua: lehendabizi, pertsona sakonetik ezagutu eta, ondoren, zerbait esan. Noski, honek, bere baitan, beste eskakizun bat darama: norbere burua ezagutzeko gonbidapena, apaltasunez eta ontasunez. Jesusen Hitzak eta Egintzak beti ustegabeko bideak urratzen. Baina beti egiazko Bizia eraikitzearen alde. Eskakizuna eta konpromisoa guretzat. Noraino nago neure eskemak puskatzeko prest?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.