HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMartxoak 31
Aldi hartan, Jesusek esan zien judu-agintariei: «Nik neure buruaren alde egingo banu aitormen, nire aitormenak ez luke balioko. Beste batek du nire alde aitormen egiten, eta jakin badakit hark nire alde egiten duen aitormenak balio duela. Zuek mandatariak bidali zenizkioten Joan Bataiatzaileari, eta hark aitormen egin zion egiari.
Ez dut hau esaten inongo gizakiren aitormen-beharrik dudalako, zuek salba zaitezten baizik. Joan Bataiatzailea argi-zuzi piztua eta distiratsua zen, eta zuek, alditxo batez, poz hartu nahi izan zenuten haren argiaz. Baina Nik badut Joanen aitormena baino hoberik: Nik betetzeko, Aitak eman dizkidan egintzak; nire egintzek egiten dute aitormen nire alde eta Aitak bidali nauela frogatzen.
Bidali nauen Aitak berak ere egiten du aitormen nire alde. Baina zuek ez duzue inoiz haren mintzorik aditu, ez haren aurpegirik ikusi, eta haren hitzak ere ez du zuen baitan lekurik, hark bidaliagan ez sinesteak erakusten duen bezala. Aztertzen dituzue Liburu Santuak, betiko bizia haietan aurkituko duzuelakoan, eta horiek dute, hain zuzen, nire alde aitormen egiten; hala ere, ez duzue nigana etorri nahi, betiko bizia izateko. Ez dut gizakiengandik aintzarik onartzen; baina ongi ezagutzen zaituztet eta badakit ez duzuela Jainkoa maite.
Ni neure Aitaren izenean etorria naiz, baina zuek ez nauzue onartu; norbait bere izenean etorriko balitz, hura bai, onartuko zenukete. Nola sinets dezakezue zuek, elkarrengandik onartzen baduzue aintza, eta Jainko bakarragandik datorren aintzak ez badizue axola? Ez uste izan Aitaren aurrean Nik salatuko zaituztedanik; bada salatuko zaituzten norbait: Moises bera, zeuen itxaropen duzuena. Izan ere, Moisesi sinetsiko bazeniote, neuri ere sinetsiko zenidakete, nitaz idatzi baitzuen hark; baina hark idatzia sinesten ez baduzue, nola sinetsiko duzue nik esana?»
Joan 5, 31-47.
Jesusek nor eta zertara etorri den azaltzen digu. Adierazpen hori ez du teoria konplikatu baten bidez agertzen edota justifikatzen, erraz ulertzeko moduan baizik: “…nire egintzek egiten dute aitormen nire alde eta Aitak bidali nauela frogatzen…”. Eta atzoko mezuaren arrastoari jarraituz, ezin ahaztu egintza horiek bizia ematea dutela helburu. Beraz, Jesusek bere bizitzazko ekintzen bidez ez du bere burua goraipatu edota aitortu nahi, baizik eta Jainkoaren ontasun aurpegia, Bere izatea adierazi eta ezagutzera eman. Horregatik, Jesusek egiaz merezi duen mezua onartzera, sinestera, bizitzera gonbidatzen gaitu, sustrairik, senarik, indarrik gabeko edozein mezuren atzetik joan ez gaitezen edo hel ez diezaiogun. Berak horretara gonbidatzen gaitu; gure esku aukeratzea. Zertan sinesten dugu? Zer-nolako mezuak onartzen ditugu?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.