HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 30

Aldi hartan, Jesusek esan zien juduei: «Nire Aita lanean ari da beti, eta Ni ere lanean ari naiz».

Esandako honengatik, juduak are gehiago zebiltzan Jesus hil nahian; larunbateko atsedena ez errespetatzeaz gainera, Jainkoa bere Aita zuela baitzioen, bere burua Jainkoaren pareko eginez. Jesusek esan zien: «Egi-egiaz diotsuet: Semeak ez dezake ezer ere bere kabuz egin, Aita egiten ikusten duena besterik: Aitak zer egin, huraxe bera egiten du Semeak ere. Izan ere, Aitak maite du Semea eta berak egiten dituen guztiak erakusten dizkio, eta hauek baino egintza handiagoak ere erakutsiko dizkio, harritu egingo zaituzteten egintzak. Aitak hilak piztu eta bizia ematen dien bezala, Semeak ere bizia ematen die nahi duenei. Aitak ez du inor epaitzen, baizik eta epaitzeko ahalmen guztia Semearen esku utzi du, denek, Aita ohoratzen duten bezala, Semea ere ohora dezaten; Semea ohoratzen ez duenak, hura bidali duen Aita ere ez du ohoratzen. Egi-egiaz diotsuet: Nire hitza entzun eta bidali nauenagan sinesten duenak, betiko bizia du; ez da kondenatua izango, heriotzatik bizira igaroa baita dagoeneko. Egi-egiaz diotsuet: Badator ordua, hobeto esan, iritsia da, hildakoek Jainkoaren Semearen ahotsa entzungo dutena, eta entzuten dutenak biziko dira. Aitak bizia bere baitan duen bezala, Semeari ere bizia bere baitan izatea eman dio.

Gainera, epaitzeko ahalmena eman dio, Gizonaren Semea delako. Ez harritu esaten dizuedanaz; badator-eta ordua, hildako guztiek haren ahotsa entzungo dutena, eta hilobietatik aterako direna: ongia egin zutenak betiko bizirako piztuko dira; gaizkia egin zutenak, aldiz, kondenatuak izateko. Nik ez dezaket neurez ezer egin; Aitari entzun bezala epaitzen dut, eta nire epaia zuzena da, ez baitut helburu neure nahia egitea, bidali ninduenarena baizik»

Joan 5, 17-30.

Konpromisotik bizitzera eta bizia sortzera, eraikitzera gonbidatzen zaigu, nahiz eta horrek, batzuetan, hainbat arau urratzera eraman eta inguruko ‘zuzenak’ eskandalizatu ere. Maitasunetik sortzen bada, bizi horrek eragin gehiago edukiko duela eta eraikitzaileagoa izango dela azpimarratuz, gainera. Are gehiago, ekintza edota keinurik txikiena izanik ere, maitasunetik egina bada, harritzerainoko emaitzak lor ditzakeela, besteentzat ikaskuntza gertatzeraino ere helduz. Gakoa, beraz, gure egintzak non oinarritzen ditugun eta zein helburu daukaten garbi edukitzea da. Eta oinarritze honek sendotasuna eduki dezan, ezin-besteko jarrera bat gogoratzen zaigu, baita ere: entzutearena. Ezaguerazko entzutean ber-tan, jadanik, bizia dago. Jesusek berak esaten digu: “Entzuten dutenak biziko dira”. Prest maitasunari eta maitasunez entzutetik bizi gehiago sortzeko, horretarako, mugak gainditu behar badira ere?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.