Jainko ahalguztiduna

2022 Mar 30

Kultura eta garai guztietan izan da erlijioaren presentzia eta gaur egun ere hortxe dugu.

Zenbait adituk defenditzen dute erlijioa beldurretik sortzen dela, nahitaezko lotura duela izuarekin. Gizakiak ahulezia esperimentatzen du eta hori ez du gustuko. Historian zehar, askori iruditu  zaie erlijioa eta bere jainko-jainkosak izan dela ahuleziaren bizipen desatsegin hori gainditzeko biderik egokiena eta gaur egun ere hala dela.

Kristautasunaren ikuspegitik, Jainkoari buruzko gure irudi guztiak hutsalak dira, hau da, onartzen dugu ez dakigula ezer Jainkoari buruz. Jesusekiko harremanean, haren jarraitzailea Jainkoaren paisaia ezin asmatuzkora abiatzen da.

Joanen liburuan, 4, kapituluko 6. txatalean irakurtzen dugu Jesus, bidean nekatuta, iturri ondoan jesarrita zegoela. Pasarte hori iruzkinduz, San Agustinek oso esaldi iradokitzailea eskaintzen digu: “Condidit nos fortitudine Sua, quaesivit nos infirmitate Sua” (Jainkoaren indarrak sortarazi gaitu baina bere ahuleziaz bilatzen gaitu). Nolabait, gizaki erlijiosoak espero du jainko edo jainkosa indartsua bere alde egotea; Jesusengan bestelako paisaia hautematen dugu: Jainkoa ahulezian eta ahuleziaz ari zaigu bila. Logika guztiaren kontra, ahulezia da gakoa, ez indarra. Kristauok ulertuko bagenu!