HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 29

Aldi hartan, juduen jai bat ospatzen zen, eta Jesus Jerusalemera igo zen. Bada Jerusalemen, Ardien Atea delakoaren ondoan, hebreeraz Betzata deritzan uraska bat, bost aterpe dituena. Aterpeetan gaixo asko egon ohi zen lurrean etzanda: itsu, herren eta elbarri. Bazen han hogeita hemezortzi urtez gaixorik zegoen gizon bat. Jesusek, han etzanda ikusi eta aspalditik egoera hartan zegoela jakinik, esan zion: «Nahi al duzu sendatu?» Gaixoak erantzun zion: «Jauna, ez dut inor ura mugitzean uraskara sartuko nauenik; ni iristerako, besteren batek aurrea hartzen dit» Jesusek esan zion: «Jaiki, hartu ohatila eta zabiltza» Une berean sendaturik gertatu zen gizona, ohatila hartu eta ibiltzen hasi zen.

Larunbata zen egun hura, atseden-eguna. Horregatik, juduek esan zioten sendatuari: «Larunbata da, eta ez duzu zilegi ohatila eramatea» Hark erantzun zien: «Sendatu nauenak berak esan dit: “Hartu ohatila eta zabiltza”» Orduan, galdegin zioten: «Nor da ohatila hartu eta ibiltzeko esan dizuna?» Sendatuak, ordea, ez zekien nor zen, Jesus ezkutatu egin baitzen inguruko jendearen artean. Gero, Jesusek tenpluan aurkitu zuen eta esan zion: «Begira, sendaturik zaude. Ez egin bekaturik berriro, okerragorik gerta ez dakizun» Joan zen gizon hura, eta juduei jakinarazi zien Jesus zela sendatu zuena. Horregatik, hain zuzen, erasotzen zioten juduek Jesusi: larunbatez halako gauzak egiten zituelako.

Joan 5, 1-3. 5-16.

Paralitikoa egunero igerilekuan izan arren, ez zioten arreta jartzen, itxuraz, larunbata hautsi zuen arte. Une hartaraino inor ez zen hartaz errukitu. Zertan zebiltzan erlijio buruzagiak? Nondik bizi zuten fedea pertsona erlijioso eta fededun zintzoek, paralitikoa orduan bakarrik ikusteko? Erlijioa bizitzeko modu batzuk arriskutsuak dira, itsutu eta soraiotu egiten baitute. Halakorik ez gertatzeko, errukitasuna erlijioaren bihotz eta erdigune bihurtu behar dugu Jesusek berak erakusten digun bezala. Errukitasuna erlijioaren mamia da. Horixe dugu zuhaitzaren izerdia; horregatik, hori galtzen badugu, zuhaitza lehortu egingo da, eta erlijioak arriskua du hiltzen duen ideologia gogor eta zurrun bihurtzeko. Zoritxarrez, gure Kristautasunaren eta Elizaren ibilbide historikoan, gehiegitan hala dela egiaztatzeko aukera izan dugu. Adi egon behar dugu beti eta etengabe…

Kristoren aurrean, eskatu ager dakizula noiz eta norekin falta izan zaizun errukitasuna, baita zergatik ere. Ondoren, eskatu bihotz errukitsuago bat eman diezazula.

Jon Ona

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.