Otsail hasieratik daramagu lurra eta natura esnarazi nahian: Kandelariako bela piztea, Santa Ageda bezperako makil jotzea… Neguko lozorrotik esnatu, etxeko ateak ireki, hautsak astindu eta kaleak berreskuratzeko aroa. Udaberriak dakarren energiaz betetzeaz gain, naturak bizi duen eraldaketa geure ere egin dezakegu. Baina nola presta gaitezke datorrenari ahalik eta etekin handiena ateratzeko?
Naturagandik asko ikas dezakegu. Hemen eta orain, zentzumenak guztiz irekita behatu beharko genieke gure inguruan gertatzen ari diren eraldaketa txiki eta handiei. Kontenplazio aktiboa: gozatzeko, ikasteko eta miresteko. Neguan natura indarberritu egin da, eta indartsu dator udaberrira kimu eta kume berriei leku egiten: bizitzaren leherketa gertatzen da.
Leherketa horrek mirari txikiak erakusten dizkigu; jaiotza orok bezala, bizitza bera miraria da. Eta horretaz jabetzeko gure begirada findu, eta harritzeko gaitasuna berreskuratu behar dugu. Dena jakintzat, ikusitzat bagenu gisara jokatzeari utzi behar diogu, eta umeen munduarekiko ikusmira geure egin, deskubritzeko asko dago eta.
Komunitatean eta elkarlanean aritzea behar-beharrezkoa dela ere erakusten digu naturak. Ekosistemetan denok dugu denon beharra, bizitzeko eta bizitza emateko. Esaterako, 1995ean Suzanne Simardek, basoen ekologian espezializatutako ikerlariak, doktore-tesia plazaratu zuen; bertan, adierazten zuen basoan zuhaitzak konektatutako gizarte bat direla. Hau da, lur azpian sustrai eta onddo komunikazio sare fisiko konplexu bat dago, eta euren arteko elkar-trukerako eta kolaboraziorako baliatzen dute.
Zertara bidera genezake udaberriak dakarren energia hori guztia? Norbanakoaren eta komunitatearen arteko dikotomia horretan mugi gaitezke. Geure buruari hasiera berri bat eskaini diezaiokegu. Egia da hasiera berriak une oro gerta daitezkeela, baina udaberrikoa izan liteke energia gehiago eskatzen digun hasiera bat: proiektu berriak, erronkak…
Itxaropena berreskuratzera edota indartzera ere bidera dezakegu, eta horrek bultzatuta ekintzaile bihur gaitezke. Ekintzaile txiki, ekintzaile handi geure burua eta komunitatea ahalduntzeko eta denok batera egun gailentzen diren herio dinamikei alternatibak aurkitu eta gauzatzeko.
Laburbilduz, naturak bizi dituen aro guztietatik atera ditzakegu ikasgaiak: izaten dituen galeretatik, indarberritzko negu-pasatik, bizitzaren leherketatik eta hortik sortutako fruituen gozamenetik. Sorgin-gurpila dirudien baina leku berean hasten eta amaitzen ez den eta aurrera doan zirkulua. Badugu zer ikasi eta zer bizi.