HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 28

Aldi hartan, Jesus Samariatik atera eta Galileara joan zen. Jesusek berak aitortua zuen, profeta ez dutela bere herrian aintzat hartzen. Hala ere, Galileara iritsi zenean, galilearrek harrera ona egin zioten. Izan ere, Jerusalemen izanak ziren berak ere eta ikusiak zituzten Jesusek Pazko-jaietan egin zituen guztiak.

Jesus Galileako Kanara joan zen berriro, ura ardo bihurtu zuen herrira. Bazen han errege-funtzionario bat, semea Kafarnaumen gaixorik zeukana. Funtzionarioak, Jesus Judeatik Galileara etorri zela jakitean, harengana joan eta bere semea sendatzera jaisteko eskatu zion, hilzorian zegoela eta. Jesusek erantzun zion: «Ezaugarriak eta egintza harrigarriak ikusten ez badituzue, ez duzue sinesten» Baina errege-funtzionarioak berriro: «Zatoz, Jauna, nire haurra hil baino lehen» Jesusek esan zion: «Zoaz etxera, onik duzu-eta semea»

Gizonak sinetsi egin zuen Jesusek esana eta joan egin zen. Etxerakoan, morroiak atera zitzaizkion bidera, semea onik zuela esanez. Orduan galdetu zien zer ordutan hasi zen oneratzen. Eta haiek erantzun: «Atzo eguerdiko ordu batean utzi zion sukarrak» Konturatu zen aita ordu hartan esan ziola Jesusek: «Onik duzu semea» Eta sinetsi egin zuten Jesusengan berak eta etxeko guztiek. Judeatik Galileara itzuli zenean egin zuen Jesusek bigarren ezaugarri hau.

Joan 4, 43-54.

Fedearen ibilbidea bide luzea eta etapaduna da. Kristorekin bidea ondo egiten dugu gero eta ezagutza sakonagoa eta intimoagoa lortzen goazenean. Kontakizuneko funtzionarioak hiru fede mota erakusten ditu bere ibilbidean: hasieran Jesus bere beharrak eta nahiak bete zitzakeen taumaturgotzat edo mirari-egiletzat hartu zuen; beranduago, Jesus-en hitzan sinestean, Jesus agintedun-maisutzat hartu zuen; aurrerantz emandako urrats bat izan zen. Azkenik, Jesusengan berarengan sinetsi zuen, hau da, Jesus Jainkoaren semea zela, Joanen Ebanjelioan, Jesusengan berarengan sinesteak esanahi hori baitu. Honela, Fedearen Misterio sakonera iritsi zen. Prozesu horretan, Jesus pedagogo modura agertzen da, eta bere ekintza harrigarriak testuinguru horretan ulertu behar ditugu. Argia eskatu behar dugu Jesusen egiteek gure bizitzan duten esanahia ezagutu eta ulertu ahal izateko.

Kristoren aurrean, zure fede-bizitzaren ibilbidea errepasatuz joan… Zertan joan da aldatuz? Zergatik? Eska iezaiozu bere misterioaren barne-ezagutzara eraman zaitzala.

Jon Ona

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.