HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 27

Aldi hartan, zergalariak eta bekatariak hurbildu ohi zitzaizkion Jesusi, entzutera. Eta fariseuak eta lege-maisuak marmarrean hasi ziren, esanez:

«Honek ongi hartzen ditu bekatariak, eta jan ere egiten du haiekin» Orduan, parabola hau esan zien Jesusek:

«Gizon batek bi seme zituen. Gazteenak esan zion aitari: “Aita, emadazu dagokidan senipartea”. Eta aitak ondasunak banatu zizkien. Handik egun gutxira,seme gazteena, zituen guztiak bildurik, urrutiko herrialde batera joan zen, eta han, lasaikerian biziz, ondasun guztiak jan zituen. Dena xahutu zuenean, gosete handia sortu zen herrialde hartan eta beharra sentitzen hasi zen. Orduan, herrialde hartako batengana joan eta haren morroi jarri zen, eta hark bere sailetara bidali zuen txerrizain. Txerriek jaten zuten ezkurrez sabela betetzeko gogoak ematen zion, ez baitzion inork jaten ematen. Orduan, bere baitara itzulirik, esan zuen: “Hamaika langile bada nire aitarenean, nahikoa ogi duela, eta ni hemen goseak hiltzen. Jaiki, aitagana joan eta esango diot: Aita, bekatu egin dut Jainkoaren eta zure aurka. Ez dut gehiago seme izena merezi. Har nazazu zeurelangileetako bat bezala”. Eta jaiki eta aitagana abiatu zen.

Artean urruti zegoela, ikusi zuen aitak eta erruki izan zuen, eta, lasterka joanik, besarkatu eta musuka hasi zitzaion. Semeak esan zion: “Aita, bekatu egin dut Jainkoaren eta zure aurka. Ez dut gehiago seme izena merezi…”. Aitak, ordea, esan zien morroiei: “Atera berehala soinekorik ederrena eta jantzi iezaiozue; ipini eraztuna eskuan eta jantzi oinetakoak; ekarri zekor gizendua eta hil; egin dezagun festa-otordua, nire seme hau hila baitzegoen eta berriz bizi da, galdua zegoen eta aurkitu egin dugu”. Eta festa hasi zuten.

Seme zaharrena soroan zen. Etxera hurbiltzean, soinua eta dantzak sumatu zituen, eta, morroi bati deiturik, zer gertatzen zen galdetu zion. Morroiak erantzun: “Zure anaia etorri da eta zuen aitak zekor gizendua hil du, semea onik bereganatu duelako”. Seme zaharrena biziki haserretu zen, eta ez zuen sartu nahi. Atera zen aita eta erreguka hasi zitzaion. Baina hark erantzun zion aitari: “Hainbeste urte da zure zerbitzuan nagoela, zure agindurik behin ere huts egin gabe, eta ez didazu sekula antxume bat ere eman lagun artean jateko, eta horrako zure seme hori, emagalduekin zure ondasunak jan dituen hori, etorri denean, zekor gizendua hil diozu”. Aitak erantzun zion: “Seme, zu beti nirekin zaude, eta nirea den guztia zeurea duzu. Baina egoki zen festa egitea eta poztea, zure anaia hau hila baitzegoen eta berriz bizi da, galdua zegoen eta aurkitu egin dugu”»

Lukas 15, 1-3. 11-32.

Gaurko ebanjelioan gizakien arteko harremanak ulertzeko bi modu kontrajarri aurkitzen ditugu. Fariseuek, lege-maisuek eta parabolako seme zaharrenak, oso ezaguna zaigun kontzeptu bat aplikatzen dute: meritua. Pertsonak egiten dutenaren arabera maite edo arbuiatzen dituzte, hau da, egiten dutena gogoko badute, edo euren iritzi-moral nahiz ideologikoaren araberakoa bada, euren oniritzia izango dute; eta horrela ez bada, urrundu eta baztertuko dituzte. Ona ala txarra, onargarria ala ez onargarria, bereizteko irizpidea eta neurria, jakina, eurak dituztenak izango dira. Irizpidea “Gure begien araberako meritua” da, ondorioz. Giza harremanetan oso zabaldua eta ohikoa den irizpide horrek, alabaina, huts egiten du guraso askok seme-alabekin dituzten harremanei dagokienez; harreman mota horietan askotan dagoena ez da merituaren-irizpidea, balditzarik gabeko maitasunarena baizik. Jesusek gogora dakarkigun esperientzia hori, geuk ere bizi izan ahal duguna, gurasoak nahiz seme-alabak izan garelako. Jesusen Ebanjelioak baldintzarik gabeko maitasunaren irizpidea giza harremanetan funtsezko eta gorena bihurtzea proposatzen du, Jainkoak gurekin horrela jokatzen baitu. Baldintzarik gabeko maitasunaren esperientzia duen edonork oso ondo daki zein neurritaraino humanizatzen gaituen horrek, eta ondorioz, ezin izango dio Ebanjelioari aurka egin.

Kristoren aurrean, eskatu Jainkoak parabolako aitaren bihotza bezalakoa zugan txertatzeko.

Jon Ona

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.