HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapenaMartxoak 26
Aldi hartan, parabola hau esan zien Jesusek beren burua zintzotzat hartzen eta besteak gutxiesten zituzten batzuei: «Bi gizon igo ziren tenplura otoitz egitera, bata fariseua eta bestea zergalaria. Fariseuak, zutik, honela egiten zuen otoitz bere barruan: “Eskerrak ematen dizkizut, ene Jainko, besteak bezalakoa ez naizelako: lapur, gaizkile, adulteriogile; ezta horrako zergalari hori bezalakoa ere. Astean bitan egiten dut barau, eta ditudan guztien hamarrenak ematen ditut”. Zergalaria, berriz, urruti gelditurik, ez zen begiak zerura jasotzera ere ausartzen, baizik eta bular joka ari zen, esanez: “Ene Jainko, erruki zakizkio bekatari honi!” Hara zer diotsuedan: azkeneko hau Jainkoarekin adiskideturik itzuli zen etxera; bestea, berriz, ez. Izan ere, bere burua goratzen duena beheratu egingo du Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena goratu»
Lukas 18, 9-14.
Egun hauetako ebanjelioetan behin eta berriz agertzen da “fededun zintzoaren” itsutasun mota arriskutsua. Bere buruaz ziur, ona dela sentitu, eta eskerrak ematen dizkio Jainkoari. Zintzoa denaren segurtasun horrek, ordea, bera bezalakoak ez direnak gogor epaitzera eraman dezake, eta, hala denean, ebanjelioaren arabera, argi gorri guztiak pizten dira. Adi egon behar dugu, beraz, besteenganako ditugun jarrerak eta jokabideak baitira gure fedearen egokitasuna benetan zein den ezagutzeko irizpidea. Harrokeria oso arriskutsua da, apaltasunetik bakarrik baitu aukera Jainkoak gugana iristeko. Bekatari sentitzea ez da sentimendu gozoa, baina bere xede pedagogikoa du, harrokeriaren arriskutik aldentzen baikaitu. Bestalde, Jainkoak zergalariarekin izandako jarrerak argi erakusten digu gure bekatari izatea Jainkoaren neurrigabeko errukitasunetik bizi behar dugula.
Kristoren aurrean, eskatu zure bekatua, zure ahultasuna sentitzeko gauza izatea, baina hori sentitzea Jainkoak dizun errukitasun osotik eta xamurtasunetik.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.