Udaberriaren mitoa

2022 Mar 23

Dirudienez, euskal urte zaharrak, urtaro bi bakarrik zeuzkan: uda eta negu. Baina Kristo aurreko 46ko kalendario Julianoak, solstizio bi, ekinokzio bi eta hamabi hilabetetan banatu zuenez urtea, euskaldunok, uda, hirukoiztu egin genuen: udaberri, uda eta udazken jarriz eta hilabeteak geurera egokituz. Martiaren 21ean hasten zaigu udaberria. Neguko solstiziotik eguna haziz doa eta eguna eta gaua berdintzeari “ekinokzio” deritzogu. Latineko hitz konposatu batetik dator: “ aequinoctium(aequus= berdina eta nox= gaua”), hau da, luzari berbera egunak eta gauak.

Zientziaren argitasuna agertu aurretik, mito bidez azaltzen izan zaigu udaberriaren hasiera. Greziar mitologian, Zeus eta Demeter (Ceres, latinez) andre-gizonak ziren eta Persefone izeneko alaba bat zeukaten. Egun batean, Hades, hilen eta inpernuetako jainkoak, bahitu egin zuen Persefone. Demeter bila zebilen eta aurkitu ezinean esan zion Zeusi: “ Persefone ez badidazu neuganatzen, aurten ez da egongo uztarik”. Horretara, Zeus akordio batera heldu zen eta udaberrian atera egingo zuen Persefone Hadesetik eta neguan berriro bueltatu. Halan omen dabiltza gaur ere. Gorbeialdean jaso dudanari jarraituz, Mari Anbotokoa, udaberriro joaten omen da Itzinako Supelegorretik Anbotora eta uztaro osteko negu garaian, berriro Supelegorrera. Hor omen dabil batetik bestera, naturako udaberri-neguetan.