Lk 13, 1-9
Gu ere horrelakoak izaten gara, Jauna.
Poztu egiten gara
lotsagabekeria agerian geratzen denean,
ustelkeriazko krimenak zigortzen direnean
edota beste mila modu desberdinetan
gaitz bakoitzari bere erruduna egokitzen zaionean.
Ulertu behar duzu, Jauna.
Bekatuak inguratuta bizi gara:
injustizia nagusi da gure gizartean,
hainbat eta hainbaten duintasuna zapalduta dago,
eta norberak gure interesei begiratzen diegu soilik…
sarri, askotan.
Horrela, errudun bat agertzen denean,
poztu egiten gara,
gaiztakeriak bere zigorra izango duelako, noski,
baina baita, eta hori aitortu egin behar dugu,
gu geu libratu garelako ere.
Eta Jesusek argi esaten digu:
“Zer uste duzue ba?
Horiek guztiek baino erru txikiagoa duzuela?
Bai, zera!
Jakin ezazue
zuek ere bihotz berritu beharra duzuela,
Jainkoaganako bidea egin behar duzuela,
gauzak Berak nahi dituen bezala
izan daitezen lan egin, alegia,
Jainkoa bakarrik baita ona”.
Eskerrik asko, Jauna,
nirekin duzun pazientziagatik.
Eskerrik asko
nire ahuleziei amore ematen diedan bakoitzean,
zure proiektuan huts egiten dudan bakoitzean,
beste aukera bat ematen didazulako.
Eskerrik asko,
Zugan jartzen dudan konfiantza baino
askoz konfiantza handiagoa jartzen duzulako Zuk nigan.
Zure fruituak eman nahi ditut, Jauna.
Baina ez da izaten lan erraza,
Zuk ere badakizu.
Hainbat aldiz,
iruditzen zait inguruak ez nauela laguntzen,
inguru honetan ezin dela eraiki
Zuk guretzat duzun proiektua;
baina Zuk laguntzen badidazu,
nire lur honetan sakondu ahal izango dut
eta eraikin berriaren zimenduak ezartzen hasi.
Eta ongarria eman iezadazu, Jauna,
elika nazazu;
baina ez aseturik sentitzeko,
Zuk nahi dituzun fruituak
eman ahal izateko baizik.