HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 20

Aldi hartan, etorri zitzaizkion batzuk Jesusi, galilear batzuei gertatuaren berri ematera: nola Pilatok hil zituen, eskaintzen ari ziren oparien odolarekin haiena nahasiz. Jesusek erantzun zien: «Uste al duzue galilear haiek gainerako galilearrak baino bekatariago zirela, horrelako heriotza izan zutelako? Ezetz diotsuet, eta, bihotz-berritzen ez bazarete, guztiok era berean galduko zarete. Eta Siloeko dorrea gainera erorita hil ziren hemezortzi haiek, uste al duzue gainerako jerusalemdarrak baino errudunagoak zirela? Ezetz diotsuet, eta, bihotz-berritzen ez bazarete, guztiok era berean galduko zarete» Eta parabola hau esan zien: «Gizon batek pikondo bat zeukan, bere mahastian landatua. Joan zen piku bila, eta ez zuen aurkitu. Orduan, esan zion mahastizainari: “Bada hiru urte pikondo honetara piku bila natorrela, eta ez dut aurkitzen. Moztu ezazu. Zertako eduki hor, lurra alferrik jaten?” Mahastizainak, ordea, erantzun zion: “Jauna, utzazu aurtengoz; bitartean, ingurua aitzurtu eta ongarria botako diot, ea aurrerantzean fruiturik ematen duen; eta bestela, moztu”»

Lukas 13, 1-9.

Gaurko ebanjelioak gure benetako giza izaeraz jabetzera gonbidatzen gaitu: Jainkoaren beharra dugu Harengandik aldenduta ezin baitugu iraun. Jainkoarengana itzuli behar dugu beti, eta bidearen hasieran gure Harengana itzultzeko nahia dagoela kontzientzia osoz ulertu eta bizi behar dugu. Jainkoaren nahia ez da inoren zigorra edo kondena, gure zain baitago beti, eta gure alde eskatzen duen Kristok mahastizainaren eskaera entzuten baitu. Jainkoaren partetik onespena dugu; eta mahastizainaren gogoa ere argi dago: ez inor galdutzat ematea, landarea salbatzeko azkeneraino lan egitea baizik. Hala ere, gure askatasuna ere hor dago, baita Jainkoak harekiko gordetzen duen errespetua ere. Jainkoaren gonbitari ezezkoa esatea eta fruiturik ez ematea izan daiteke gure erantzuna, horretarako aske baikara. Gaurko ebanjelioa bizitza benetako arduraz eta heldutasunez bizitzeko deia da.

Kristoren aurrean, eskatu bizitzaren une orotan harengan zentratuta bizitzeko beharraren kontzientzia osoa izatea eta sentitzea.

Jon Ona

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.