HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Martxoak 19
Jakobek Jose sortu zuen, Mariaren senarra, eta Mariagandik jaio zen Jesus, Kristo deritzana. Jesu Kristoren sortzea honela gertatu zen: Maria, Jesusen ama, Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoen eta, elkarrekin bizi izan baino lehen, haurdun gertatu zen Espiritu Santuaren egitez. Josek, Mariaren senarrak, gizon zintzoa baitzen eta ez baitzuen bere emaztea salatu nahi, hura isilean uztea erabaki zuen. Baina asmo hori gogoan zerabilela, Jaunaren aingerua azaldu zitzaion ametsetan eta esan zion: «Jose, Daviden ondorengo hori, ez beldur izan zeure emazte Maria etxean hartzeko, honengan sortua Espiritu Santuagandik baitator. Semea izango du, eta zuk “Jesus” ipiniko diozu izena, hark salbatuko baitu bere herria bekatuetatik» Josek, lotatik esnatu zenean, Jaunaren aingeruak agindu bezala egin zuen.
Mateo 1, 16. 18 – 21. 24a.

Jainkoaren ustekabekoa Joseren plan ordenatuetan sartu zen. Aurreikusitako ezkontza eta aurreikusi gabeko haurdunaldia. Zer egin? Josek konpromisoa modu diskretu batez amaitzea erabaki zuen, ahalik eta zarata txikiena sortzeko. Zentzuzkoa zen, baina Jainkoak erantzun hobea ematera gonbidatu zuen: Mariarekin zuen konpromisoari leial jarraitu behar zion. Ametsetan, Josek erantzun bikaina entzun zuen. Ez zen agerpen harrigarrik izan, ezta zalantzetarako lekurik uzten zuen mezu zuzenik ere. Agian, geure bizitzan Jainkoaren ahotsa ezagutzeko irizpidea izan liteke entzutea eta kasu egitea erantzun eskuzabalena eta onena biltzera eta ematera bultzatzen gaituenari.
Kristoren aurrean, eszena hausnartu, eta eska iezaiozu Jainkoaren ahotsa entzuteko nahia, adimena eta jakinduria zugan handitzeko.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.