Garizumako geografia

2022 Mar 18

Espirituak mogitzen gaitu

basamortutik mendira,

bertan gozatuz atsedenean

otoitz onaren dirdira.

Gure barruak antzaldaturik

jarri herrira begira

pobreak eta baztertu danak

gu itxaroten han dira.

 

Lan gogorrean emoten dira

bizitzan ordu ugari,

egiten dogun ahalegin dana

ez da sarritan nabari,

fruitu eskasa edo ustela

nahiz agertu arbolari,

pazientzian maisu zu zara

izan zaitez gure sari.

 

Espirituak gaurkoan dakar

famili, etxeko giro,

babes lekua, aldi berean,

zenbat liskar ta enbido.

Errukiaren eredu dogun

Aitak azaltzen argiro:

senide hori epaitu orduko

zu zeu aztertu astiro.

 

Basamortua eta mendia,

Lan mundu, etxe barrena,

Espiritua agertzen jaku

tenplu barruan azkena.

Jesusen berba gozo hareri

gizaki hareik etena:

andra parkatuz, Jesusek jarri

errukiaren ordena.