HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 7

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Gizonaren Semea –eta aingeru guztiak harekin– aintzaz beterik etortzean, bere errege-aulki ospetsuan eseriko da, eta herri guztiak haren aurrean bilduko dituzte. Hark batzuk besteengandik bereiziko ditu, artzainak ardiak ahuntzetatik bereizten dituen bezala: ardiak bere eskuinaldean ipiniko ditu, eta ahuntzak ezkerraldean.

Orduan, erregeak esango die eskuinekoei: “Zatozte, nire Aitaren bedeinkatuok; hartzazue munduaren sortzetik zuentzat prestaturik dagoen erreinua. Gose bainintzen, eta jaten eman zenidaten; egarri, eta edaten eman; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen; biluzik nengoen, eta jantzi egin ninduzuen; gaixorik, eta bisitatu; espetxean, eta ikustera etorri zineten”. Orduan, zintzoek erantzungo diote: “Jauna, noiz ikusi zintugun goserik, eta eman genizun jaten, edota egarri, eta edaten eman? Noiz ikusi zintugun arrotz, eta etxean hartu, edota biluzik, eta jantzi? Noiz ikusi zintugun gaixorik edota espetxean, eta ikustera joan?” Eta erregeak erantzungo die: “Benetan diotsuet: nire seniderik txikien hauetako bati egin zeniotena neuri egin zenidaten”.

Gero, esango die ezkerrekoei: “Alde nigandik, madarikatuok, deabruarentzat eta haren lagunentzat prestaturik dagoen betiko sura. Gose bainintzen, eta ez zenidaten jaten eman; egarri, eta ez zenidaten edaten eman; arrotz, eta ez ninduzuen etxean hartu; biluzik, eta ez ninduzuen jantzi; gaixorik eta espetxean nengoen, eta ez zineten ni ikustera etorri”. Haiek erantzungo diote: “Jauna, noiz ikusi zintugun goseak edota egarri, arrotz edota biluzik, gaixorik edota espetxean, eta guk lagundu ez?” Hark erantzungo die: “Benetan diotsuet: txikien hauetako bati egin ez zeniotena, neuri ez zenidaten egin”. Eta hauek betiko zigorrera joango dira; zintzoak, berriz, betiko bizira»

Mateo 25, 31-46.

Jaungoikoa ikusi edo ez ikusi. Hau litzateke Jesusek irakasten duen gauzetako bat ebanjelio ezagun honetan. Aukera bi hauen artean datza askotan gure bizitzaren muina. Ikusten ahal ditugu gose, egarri, biluzik, gaixo edota espetxetan dauden pertsonak? Edo ezta ikusi ere ez ditugu egiten? Nolatan hauek ikusten ez baditugu, ikus dezakegu Jaungoikoa? Errealitatetik at bizi bagara, ezin izango diogu errealitatearen sakonean bizi den taupadari harrerarik egin. Aldiz, errealitatea gureganatzen dugunean – eta gure munduan gehiengoak bizi ditu edo gosea edo egarria edo beste eratako beharrizanak, edo guztiak batera – Jaungoikoarekin topo egiteko aukera dugu, berak horrela nahi izan zuelako eta horretarako hasi baitzuen Jesukristoren bitartez bere agerkundea.

Marisabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.