Gaixorik gaixo

2022 Mar 7

Mk 6, 53-56

Gure garaian ere gaixoak ugariak dira, Jauna.

Pandemiek irakatsi digutenez, gainera,

inor ez dago libre

gorputz-arimetako gaixotasun horietatik.

Baina badira bestelako gaixotasunak ere:

gizakiak itsasora bultzatzen dituen gosea,

haurrei bizia eta duintasuna kentzen dizkien gerra,

emakumeak zapaltzen eta baztertzen dituen basatikeria…

Ez dizkizut guztiak aipatuko,

zuk sobera baitakizu horien guztien berri

eta gehiegi sufritzen baituzu haiengatik.

 

Kontua da, Jauna,

guztiak ditugula zain,

sendatzen eta askatzen dituen norbaiten zain,

ea soineko ertza behintzat ukitu ahal dioten

gaixotasunetik,

atxikimenduetatik,

edo indarkeriatik atera ahal izateko.

 

Jesus, ordea,

ez dago jada gure artean,

soineko ertza ukitzen uzteko.

Nork sendatuko ditu

gure garaiko gaixo horiek guztiak?

Bakarrik utziko gaituzu

injustiziaren,

indarkeriaren,

intolerantziaren

eta arduragabekeria hotzaren eskuetan?

 

Ez egin halakorik, Jauna!

Geuk lagunduko dizugu…

Jesusek gaur eta hemen egingo lukeena eginez.

Kristoren gorputz atalak garela esan ziguten:

nola ez dugu, ba, balioko

soineko ertza izateko!

 

Eskerrak ematen dizkizugu, Jauna,

gugan jarri duzun konfiantzagatik.

Huts egin dizugu behin eta berriro,

guk ere ez dugu gure burua

dagoen lan ikaragarria aurrera ateratzeko prest ikusten…

Baina zuk hortxe segitzen duzu temati,

zure proiektua gure eskuetan uzten,

arrakastarik eskatu gabe.

 

Lagun iezaguzu, baina,

lana gu baino askoz handiagoa da eta.

Eman argia

soineko ertza izateko

eta soineko ertza baino gehiago ez garela jakiteko;

eta eman indarra

herririk herri, etxerik etxe eta gaixorik gaixo ibiltzeko

eta guztiak sendatzen eta askatzen laguntzeko.

Horrela zure salbamenaren berri zabalduko da

Gure auzo global honetan ere.