HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 6

Aldi hartan, Jesus Espiritu Santuaz beterik itzuli zen Jordandik. Espirituak eramanik, basamortuan barna ibili zen berrogei egunez, deabruak tentatzen zuela. Ez zuen ezer jan egun haietan, eta azkenean gosetu egin zen. Orduan, deabruak esan zion: «Jainkoaren Seme baldin bazara, esaiozu harri honi ogi bihur dadila». Jesusek erantzun zion: «Liburu Santuan idatzirik dago: “Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi”».

Gero, deabruak, toki goi batera eramanik, munduko erreinu guztiak erakutsi zizkion une batean eta esan zion: «Horien guztien agintea eta ospea emango dizut; neuri eman didate eta nahi dudanari ematen diot. Beraz, gurtzen banauzu, zurea izango da dena».

Jesusek erantzun zion: «Idatzirik dago: “Jauna zeure Jainkoa gurtuko duzu, eta hura bakarrik zerbitzatuko”».

Orduan, deabruak Jerusalemera eraman zuen eta, tenpluaren goreneko ertzean ipinirik, esan zion: «Jainkoaren Seme baldin bazara, bota ezazu zeure burua hemendik behera, idatzirik dago eta: “Bere aingeruei aginduko die zu zaintzeko”, eta “eskuetan eramango zaituzte, harriekin estropezu egin ez dezazun”».

Erantzun zion Jesusek: «Agindua dago: “Ez tentatu Jauna zeure Jainkoa”».

Eta tentaldi oro bukaturik, alde egin zuen deabruak Jesusengandik hurrengo egokiera arte.

Lukas 4, 1-13.

Ebanjelioko tentazioen testu hau, Jesusen bataioaren ostean jartzen du Lukas ebanjelariak, hau da bere jarduera publikoaren hasieran. Jesusen bizitzako etapa horretako atarian, berrogei egunetan bereizketa orokorrerako egin beharreko “ikastaro trinko” bat izango balitz bezala. Jesusek aukeratzen ere ikasi zuenaren seinale izan daitekeen testua, alegia.  Eta guretzako ere horrela izan liteke, bertan funtsezko bereizketen laburpen moduko bat agertzen baita: Edukitzearen, boterearen eta itxura-zaletasunaren bereizketa.
 
Zer egiten dugu, gizakion bizitzan uka ezinak diren atal horiekin, ebanjelioaren estilora bizi nahi dugunok? Jesusen aukerak argi agertzen dira testu honetan eta ebanjelioan zehar baieztatu baino ez ditu egingo. Jesus ez da bere nahia egiteko bizi. Jaungoikoaren Erreinuak lehentasun osoa dauka bere aukeretan. Jesusek lehenengo aukera honi, fideltasunez erantzuten dio une oro, bere burua honen ostean jarri arte. Jesusek erabakiak hartzen jarraitu beharko du eta ez zaio beti erraza egingo. Egoera batzuen aurrean beste pertsona batzuk – emakume feniziarra, adibidez- bitartekari izango ditu Jaungoikoaren nahia zein den argi ikusteko. Bizitzako bidegurutzeetan kontuan izateko moduko atala dugu gaurko ebanjelioa.
 

Marisabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.