Garizuma, arrakasta eta porrota

2022 Mar 2

Garizuma konbertsio garaia omen da, bizitza aldatzeko deia. Eta, zer aldatu behar dut? Ez naiz hain gaiztoa.

Konbertsioa dela eta, ebanjelioetako tentazioen pasartea datorkit burura; Jesusen bizitza publikoa hasi baino lehen kokatuta dago eta susmatzen dut narrazio xume eta labur horretan Jesusek egiten duen bereizmenik (diszernimendurik) inportanteena gertatzen dela.

Hiru tentazioak arketipokoak dira, edozein kulturatan eta edozein garaitan presente daudenak: boterea, arrakasta eta ziurtasuna. Zer gehiago eska diezaiokezu bizitzari? Inor ez dago oker hori bilatzean.

Gainera, kontrakoa jasanezina da, bai kulturalki, bai norbanakoaren biografian: ezintasuna, porrota eta ziurgabetasuna. Nork bilatzen du horrelakorik? Hain zuzen ere, badira hainbeste otoitz arrakasta lortzeko!

Jesusek, baldintza guztien gainetik, konfiantza jartzen du Jainkoarengan eta ez boterean, arrakastan edo ziurtasunean. Hori guztiz kontrakulturala da (gure kulturan eta kultura guztietan). Jainkoak oso txertatuta egon behar du norbanakoaren bihotzean (erraietan) konfiantza horrekin bizitzeko.

Garizuman, konbertsioaren esanahia hobeto identifikatzeko, iradokitzailea izan liteke.