HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 28
Aldi hartan, Jesus abiatzera zihoala, gizon bat etorri zitzaion lasterka eta, aurrean belaunikaturik, galdetu zion: «Maisu ona, zer egin behar dut betiko bizia ondaretzat jasotzeko?» Jesusek erantzun zion: «Zergatik esaten didazu ona? Inor ez da ona, Jainkoa besterik. Badakizkizu aginduak: ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin gezurrezko testigantzarik, ez egin kalterik, hartu aintzat aita-amak» Hark, orduan: «Maisu, gazte-gaztetandik bete izan dut hori guztia» Jesus maitasunez begira jarri zitzaion, eta esan: «Gauza bat besterik ez zaizu falta: zoaz, saldu daukazun guztia eta eman behartsuei, eta altxorra izango duzu zeruan; gero, zatoz eta jarraitu niri». Hitz hauek entzutean, ilun jarri zen gizona eta nahigabez joan, ondasun handiren jabe baitzen.
Orduan, Jesusek, ingurura begiratuz, esan zien ikasleei: «Bai nekez sartuko direla aberatsak Jainkoaren erreinuan!» Harriturik utzi zituen ikasleak esaldi honek. Baina Jesusek berriro ere: «Ene semeok, zaila da benetan Jainkoaren erreinuan sartzea! Orratzaren begitik gamelua igarotzea errazago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino» Ikasleek, gero eta harrituago, elkarri ziotsaten: «Nor salba daiteke, orduan?» Jesusek begira-begira jarri eta esan zien: «Gizakiarentzat ezinezko da, baina Jainkoarentzat ez, dena baitezake Jainkoak»
Markos 10, 17-27.
Jesusen proposamena, ebanjelioaren atal honetan, beti larregikoa irudituko zaigu, alajaina. Baina, zer berri on izango litzateke Jesusena, legea betetzearekin poztasuna lortuko bagenu? Legeak abiapuntua baino ez du adierazten. Jaungoikoaren Erreinua errealitate berri bat da eta haratago bidaltzen gaitu gure bizitzako arlo guztietan, baita diru eta aberastasunen arloan ere. Hala ere gaur egun, gure munduko errealitate mingarriek Jesusen proposamenaren argipean jarrita, jasotzen duten lehenengo gonbidapena legea betetzera da, zalantzarik gabe. Legeek gizaki guztion onerako izan behar dute. Legeek pertsona batzuen alde baino ez badute jotzen, legearen izanaren kontra doaz eta lege izan beharrean pribilegio hutsa baino ez dira. Desoreka honetan murgilduta izanik, ondo baino hobeto uler dezakegu aberatsen zailtasuna Jaungoikoaren Erreinuan sartzeko.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.