HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Otsailak 27

Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien ikasleei: «Izan ote daiteke itsua itsuaren gidari? Ez ote dira biak zulora eroriko? Ikaslea ez da irakaslea baino gehiago, baina ondo eskolaturiko ikaslea bere irakaslea adinakoa izango da. Nolatan ikusten duzu senidearen begiko lasto-izpia eta zeure begiko habeaz ohartzen ez? Nolatan esan diezaiokezu senideari: “Adiskide, uztazu begian duzun lasto-izpia ateratzen”, zuk zeurean duzun habea ikusten ez duzula? Itxurazalea halakoa! Atera lehenik zeure begitik habea, eta orduan ikusiko duzu garbi, senidearen begitik lasto-izpia ateratzeko. Ez da zuhaitz onik fruitu txarra ematen duenik, ezta zuhaitz txarrik ere fruitu ona ematen duenik. Bere fruituetatik antzematen zaio zuhaitzari; elorritik ez da pikurik biltzen, ezta sasitik mahatsik hartzen ere. Ona denak ona ateratzen du bere barneko ondasun-altxorretik, eta gaiztoak gaitza bere gaiztakeri altxorretik; ahoak esan, bihotzari gainezka dariona esaten baitu»

Lukas 6, 39-45.

Jesusek parabolak kontatzen zituenean inguruko irudiz eta gertakizunez hornitzen zituen, esan beharrekoa ulergarria eta esanguratsua izan zedin. Era honek Jesusen hitzak jakituriaren ubidean jartzen ditu eta horrek egingo du, neurri baten, Jesusen autoritatea entzule guztiek onartzea. Gertutasuna Jesusen estiloaren seinale dela esan dezakegu. Jesusen gertutasuna, beragandik jasotzen dugun guztia bezala, Jaungoikoaren izanaren izpia da, horregatik gertutasuna enkarnazioaren ondorio baino ez da. Beraz, gertutasuna Jaungoikoaren izanaren adierazle izanik, gure ikasle izanetan baita gure fruituetan, Haren hurbiltasuna edo urruntasuna adieraziko ditugu. Horregatik dira horren garrantzitsuak, ez gure ontasuna adierazten dutelako baizik gure izanatik baino haratago doazelako egiten edo egiten ez ditugunak.

Marisabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.