HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 25
Aldi hartan, Jesus Judeako mugetan sartu eta Jordan ibaiaz bestaldera igaro zen. Berriro jendetza handia bildu zitzaion eta bera, ohi zuen bezala, irakasten hasi zitzaien.
Hurbildu zitzaizkion fariseu batzuk eta, Jesus zertan harrapatuko, galdetu zioten: «Zilegi al zaio gizonari emaztea uztea?» Hark erantzun zien: «Zer agindu zizuen horretaz Moisesek?» Eta haiek: «Moisesek dibortzio-agiria idatzi eta emaztea uzteko baimena eman zigun» Jesusek esan zien: «Zeuen burugogorkeriagatik eman zizuen Moisesek lege hori. Baina, munduaren hasieratik, Jainkoak gizaseme eta emakume egin zituen; horregatik, gizasemeak bere aita-amak utziko ditu eta emaztearekin elkartuko da, eta biak bat izango dira. Beraz, aurrerantzean ez dira bi, bat baizik. Horrela, bada, Jainkoak bat egin duena ez beza gizakiak banatu»
Gero, etxean, arazo berari buruz galdetu zioten ikasleek. Jesusek esan zien: «Bere emaztea utzi eta beste batekin ezkontzen denak adulterioa egiten du lehenengoaren kontra; eta bere senarra utzi eta beste batekin ezkontzen den emazteak adulterioa egiten du era berean».
Markos 10, 1-12.
Ebanjelioko pasarte honetan baliteke Jesusen hitzik garrantzitsuenak, azken bi hauek izatea: “era berean”. Hau da berak azpimarratu nahi duena: era berekoak direla gizon eta emakumeen ekintzak – eta izana- . Ez dago, munduaren hasieratik, gizonentzako zein emakumeentzako ezberdintzen duen neurririk. Eta neurri ezberdinak erabiltzen dituztenak azpijokoan sartuak daude, fariseuek egin zuten eran. Hauek Deuteronomio liburutik legera jotzen dute Jesus zerbaitetan harrapatu nahian. Eta Jesusek, jakinduriaren eskutik, Hasiera liburura jotzen du. Berdintasunaren errora jotzen du, esango genuke. Jaungoikoaren hasierako desiora, borondatera, alegia, eta bertan ez dago ezberdintasunik, berdintasun sendoa baizik. Gizonen eta emakumeen artean neurri ezberdinak erabiltzen dituztenek, gizonek egindako legeetara jotzen dute arrazoinamendu bezala – fariseuek egiten duten eran Deuteronomiora joaz – . Berdintasuna Jaungoikoagandik sortzen da. Beragandik jaso dugun oparitzat izango bagenu, altxor paregabe bat balitz bezala zainduko genuke. Baina, tamalez, ez dugu altxorrik oraindik aurkitu.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.