HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 24
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Mesiasen jarraitzaile zaretelako, baso bat ur bada ere ematen dizuena, benetan diotsuet, ez da saririk gabe geldituko. Nigan sinesten duten txiki hauetakoren baten sinesmena galbidean jartzen duenak hobe luke errotarri bat lepotik lotu eta itsasora amilduko balute. Zeure eskuak galbidean jartzen bazaitu, moztu; hobe duzu eskumotz betiko bizian sartu, bi eskuak dituzula infernura, itzalezineko sura, joan baino. Zeure oinak galbidean jartzen bazaitu, moztu; hobe duzu hanka-motz betiko bizian sartu, bi oinak dituzula infernura jaurtia izan baino. Zeure begiak galbidean jartzen bazaitu, atera; hobe duzu begibakar Jainkoaren erreinuan sartu, bi begiak dituzula infernura jaurtia izan baino; han ez da hiltzen barruko harra, ezta itzaltzen ere sua. Izan ere, suaz gazitu behar dira denak. Gauza ona da gatza; baina gatza gezatzen bada, nola gazitu berriro? Eduki gatza zeuen baitan eta zaudete bakean elkarrekin»
Markos 9, 41-50.
Jesusek bere jarraitzaileak izateak dakarren erantzukizunaz hitz egiten digu. Benetan serioa da gure bizitzan Ebanjelioa, Jesusen jarraipena? Benetan garrantzitsua al da gure bizitzan baztertuen alde egitea? Gure arima, gorputz eta buru osoarekin ahalegintzen al gara Jainkoa zerbitzatzen? Ez al dugu apur bat erlaxaturik bizi kristau izatearen kontu hau? Jainkoak ez ditu bihotz epelak nahi, bihotz grinatsu eta beroak baizik.
Salesko Frantziskok dion bezala: “Hein handiagoan edo txikiagoan, guztiok bilatzen dugu Jainkoarekiko adiskidetasuna, baina arima eskuzabalak bakarrik sartzen dira Jainkoaren intimitatean. Zein alde dagoen graziaz baina txepelkeriz bizi den kristau arruntaren eta bere lanetan maitasun handia jartzen duen santuaren artean!” Jose Ingenieros ere: “Jeinuak, santuak eta heroiak ez ziren inoiz txepelak izan”.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.