Errusiako defentsa ministroak dio “doitasun handiko armak” erabiltzen ari direla Ukrainako azpiegitura militarrak suntsitzeko.
Ondo dakigu baina, doitasun edo zehaztasun handirik ez dagoela gerrak dakarren suntsiketan. Samina, sufrimendua, miseria, heriotza, eta belaunaldiz belaunaldi irauten duten gorroto eta ezinikusiak… horiexek dira gatazka armatuen ondorioak.
Askotan, gure fedeari dagokionez galderak izaten ditugu erantzunak baino gehiago. Gaur egungo fededunaren ezinbesteko baldintza da hori seguruenik. Badira ordea ziurtasun sendo batzuk; oinarri oinarrizko egia apalak. Gerraren eta fedearen arteko errotiko kontraesana da horietakoa. Eta ozen aldarrikatu behar dugu hori, historian zehar eta oraindik ere munduko hainbat lekutan fedea eta biolentzia uztartuz egiten diren manipulazio gordinak kontuan izanda.
Fedeak ez digu analisi politiko edo geoestrategikoak egiteko tresnarik ematen, intuizio sakonak uzten dizkigu haatik: anai-arreba duzu ondokoa, ez etsai; errukia duzu irizpide bizitzan, ez elkarren arteko lehia… Doitasun handiko maitasuna da Jainkoak darabilen arma: bihotz bakoitzera prezisio handiarekin zuzendua, eta harrera egiten diogunean inguruko pertsona guzti-guztietan lagunurkoa aurkitzera eramaten gaituena. Horra gerra santua; horra bake bidea.