HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 22
Aldi hartan, Jesusek, Filiporen Zesareara iritsi zenean, galdera hau egin zien ikasleei: «Gizonaren Semea nor dela dio jendeak?» Haiek erantzun: «Batzuek Joan Bataiatzailea dela; beste batzuek Elias; besteek Jeremias edo profetaren bat».
Jesusek, orduan: «Eta zuek, nor naizela diozue?» Simon Pedrok erantzun zuen: «Zu Mesias zara, Jainkobiziaren Semea» Orduan, Jesusek esan zion: «Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea, hori ez baitizu hezur-mamizko inork agertu, zeruko nire Aitak baizik. Eta hau diotsut Nik: Zu Pedro zara –harkaitza; harkaitz horren gainean eraikiko dut Nik neure Eliza, eta Herioaren indarrak ez zaizkio nagusituko. Zeruetako erreinuko giltzak emango dizkizut: zuk mundu honetan lotua, zeruan ere lotua geldituko da, eta zuk mundu honetan askatua, zeruan ere askatua».
Mateo 16, 13-19.
Zein da Elizaren oinarria? Zein da bere harkaitza? Ez da bere boterea, bere aberastasuna, bere eragina, bere ospea, bere indarra, bere zenbakiak, bere egitura. Elizaren oinarria Jesukristorenganako fedea da. Kristauok fedea galtzen badugu kristau egiten gaituena galtzen dugu.
Kristautasun soziologikoa desagertzen ari da, eta horrekin batera, eliza izateko modu bat gizartean. Horrek guztiak harridura eta segurtasun falta handia sortzen digu, aldaketak handiak baitira, baina orain argi izan behar dugu Elizaren indarra ez dela bere prestigioa, fedea baizik.
Fedearen indarra erakundearen boterearekin nahastu dugu eta ez dute zerikusirik. Hau une egokia da bereizketa horretan berriro ez erortzeko.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.