HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Otsailak 19

Aldi hartan, hartu zituen Jesusek berekin Pedro, Santiago eta Joan, eta mendi garai batera eraman zituen haiek bakarrik. Eta antzaldatu egin zen haien aurrean. Jantziak distiratsu bihurtu zitzaizkion, zuri-zuri, munduan inork jar ditzakeen baino zuriago.

Eta Elias eta Moises agertu zitzaizkien, Jesusekin hizketan. Pedrok esan zion Jesusi: «Maisu, bai ederki gaudela hemen! Egin ditzagun hiru txabola: bata Zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat» Ez zekien zer esaten zuen; izan ere, zeharo beldurrak harturik zeuden. Orduan, hodei batek estali zituen, eta ahots bat irten zen hodeitik: «Hauxe da nire Seme maitea. Entzuiozue»

Eta hartan, ingurura begiratu eta Jesus bakarrik ikusi zuten eurekin, beste inor ez. Menditik behera jaisterakoan, ikusi zutenaren berri inori ez emateko agindu zien Jesusek, harik eta Gizonaren Semea hilen artetik piztu arte. Agindu hori bete zuten, baina elkarri galdetzen zioten zer izan ote zitekeen «hilen artetik pizte» hori. Eta galdetu zioten: «Zergatik diote lege-maisuek lehenbizi Eliasek etorri behar duela?» Jesusek erantzun: «Bai, lehenbizi Eliasek etorri eta dena Jainkoak nahi bezala eraberrituko du. Baina, nola dio Liburu Santuak Gizonaren Semeak asko sufritu beharra duela eta arbuiatua izan? Ba, hau diotsuet: Elias etorria da, eta gogoak emandako guztia egin diote, hartaz idatzia zegoen bezala»

Markos 9, 2-13.

«Maisu, bai ederki gaudela hemen! Egin ditzagun hiru txabola: bata Zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat». Arimaren baretasuna helburu duen erlijiotasunak ez du zerikusirik Jesusen proposamenarekin.

Kristautasuna ez da spa bat. Eskapismoa beti izango da tentaldi bat, baina Hitza haragi bihurtu bada, kristautasuna mundutik banandutako espiritualismo haragigabetzat har ez dezagun izan da.

Jesusek munduko zauriak besarkatzera eta bere pozak ospatzera bidaltzen gaitu. Munduan egonda, eta ez mundutik kanpo, lortuko dugu Jesus ulertzea eta berarekin bat egitea. Egia da noizean behin deskonektatu egin behar dugula, baina salbazioaren historiarekin berriz konektatzeko, ez horretatik kanpo bizitzeko.

Mikel Iraundegi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.