HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 16
Aldi hartan, Jesus eta ikasleak Betsaidara iritsi ziren, eta itsu bat ekarri zioten, uki zezala eskatuz. Jesusek itsuari eskutik heldu eta herritik kanpora atera zuen. Begiak listuz igurtzi ondoren, eskuak gainean ezarri zizkion eta galdetu: «Ikusten al duzu ezer?» Hark begiratu eta esan zuen: «Gizonak-edo nabaritzen ditut: zuhaitzak dirudite, baina ibili dabiltza» Orduan, berriro eskuak ezarri zizkion begietan eta argi ikusten hasi zen gizona; sendaturik gelditu zen, guztia garbi-garbi ikusten zuela. Jesusek etxera bidali zuen, herrian sartu ere ez egiteko aginduz.
Markos 8, 22-26.
“Herritik kanpora atera zuen”. Askotan, gaixotzea gure ikuspegia gainditzerik ez izatean datza, bestearen eta Bestearen lekuan jartzeko ezintasunean.
Jainkoaren ikuspegitik ikusten hasten garenean hasten gara benetan begiratzen, baina horretarako Jainkoak gure herrixkatik atera behar gaitu eta guk lurralde berrietara laguntzen utzi behar dugu.
Zer da fundamentalismoa? Gure mugei atxikita egotea eta Jainko Unibertsalari geure buruaz haratago joateko gaitasuna ematen ez uztea. Alex Pimentelek esaten duen bezala: “Txuri-beltzean bakarrik ikusi nahi baduzu, irakurri liburu bakar bat”.
Utz diezaiogun elkarri eskutik heltzen, utz diezaiogun elkarri leku berrietara laguntzen, utz diezaiogun elkar harritzen. Alteritateak, eta ez auto-erreferentzialtasunak, sendatzen gaitu.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.