HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Otsailak 15

Aldi hartan, ikasleei ogia hartzea ahaztu zitzaien, eta bat bakarra zeukaten ontzian. Jesusek ohar hau egin zien: «Begira gero! Kontuz ibili fariseuen eta Herodesen legamiarekin» Haiek, berriz, eztabaidan ari ziren elkarrekin, ogirik ez zutelako. Konturatu zen Jesus eta esan zien: «Zer ari zarete ogirik ez duzuela eta? Oraindik ez al duzue ulertzeko adimenik? Hain burugogorrak al zarete? Begiak izan, eta ez al duzue ikusten? Belarriak izan, eta entzuten ez? Ez al duzue gogoan, bost mila gizonen artean bost ogiak banatu nituenean, zenbat saski bete zenuten hondarrekin?» «Hamabi», erantzun zioten. «Eta lau mila gizonen artean zazpi ogiak banatu nituenean, zenbat otarre bete zenuten hondarrekin?» Erantzun zioten: «Zazpi» Orduan, Jesusek: «Eta oraindik ere ez duzue ulertzen?»

Markos 8, 14-21.

Jesusek ohartarazten gaitu: “Kontuz ibili”. Egia esan, gure bizitza espiritualak errailetik atera daiteke mendizalearenak mendian egin dezakeen bezala, baldin eta haren arriskuei arreta jartzen ez badiegu.

Gerta dakiguke arriskua ez ikustea, edo are okerrago, ikusi nahi ez izatea, hartaz hitz egitea kaltegarria dela uste dugulako. Baina hau ez da horrela. Hauxe ulertu behar dugu, gure kristau bizitzak mehatxuak dituela eta, haietaz zenbat eta kontzienteago izan, orduan eta gugan eragin gutxiago izango dutela.

Fariseuek Jainkoarekiko leialtasun ezaren birusarekiko immuneak zirela uste zuten, eta nagusikeria jarrera hori da Jesusek salatzen duena. Noizean behin, nork bere buruaz susmatzea beharrezkoa da norberaren irudi idealistegian ez erortzeko, fariseu bat bezala ez bizitzeko.

Mikel Iraundegi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.