Ez denean, bada

2022 Ots 14

Toloño mendilerroko pagadien barrenean, freskura eskergarri gozo-gozoa da udako beroaldietan. Oinek gustura zapaltzen dute orbelezko alfonbra eta begiek gozatu egiten dute pago-orrien berde lasaigarria. Edertasunetik espirituak arnasa hartzen duela ematen du.

Basoak bere sekretuak gordetzen ditu, atentziorik gabeko ibiltariaren bistara agertzen ez direnak. Horietako bat plaka xume bat bidezidorretako baten ertzean, eta bertan mezu kitzikagarria: “Daukaguna baloratzen dugu galtzen dugunean”.

Gogoeta interesgarria pausu egiteko basoko orbelaren gainean, bizitzaren premien eta desioen artean.

Sarri askotan ez duguna da desiratzen duguna, eta ez dugu eskura duguna balioesten, galdu arte. Baso basatia bera arrunta izan daiteke dena basatia denean;  desagertzean, ordea, baso mina sortzen zaigu. Osasuna ikusezina da, bizitzaren datu arrunta osasuntsu garen bitartean; osasunik ezak, ordea, osasun mina dakar. Zenbat pertsona baliotsu gure artean, atentziorik eman gabe pasatzen direnak! Mundu bat betetzen dute eta ez gara konturatzen hutsunea utzi arte.

Jainkoa den misterioa, noiz da esanguratsuago: kulturako datu arrunta izatean edo kulturan absente denean? Lehenengo kasuan astuna izan daiteke; bigarrenean, berriz, Jainko mina.