HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Otsailak 12

Egun haietan, berriro jendetza oso ugaria izanik eta zer janik ez, Jesusek ikasleei dei egin eta esan zien: «Erruki dut jende hau; badaramate hiru egun nirekin eta ez dute ezer ere jateko. Etxera baraurik bidaltzen baditut, bidean akiturik geldituko dira, urrutitik etorriak ere badira eta» Ikasleek esan zioten: «Baina nondik atera bakardade honetan hauek asetzeko adina ogi?» Hark galdetu zien: «Zenbat ogi duzue?» Eta haiek erantzun: «Zazpi» Orduan, jendeari lurrean esertzeko agindu zion. Gero, zazpi ogiak hartu eta, Jainkoari esker onezko otoitza egin ondoren, zatitu eta bere ikasleei eman zizkien, bana zitzaten. Haiek jendeari banatu zizkioten. Bazituzten arraintxo banaka batzuk ere; Jesusek bedeinkatu zituen eta haiek ere banatzeko agindu zien. Asetzeraino jan zuten denek, eta zazpi otarre bete zituzten hondarrekin. Lau mila inguru ziren. Ondoren, Jesusek agur egin zien, eta bere ikasleekin txalupara igo eta Dalmanuta aldera joan zen.

 

Markos 8, 1-10.

“Erruki dut jende hau” dio Jesusek. Errukiak gure barneko erraiak mugitzen ditu. Errukia da besteen lekuan jartzea, haiek bezala sentitzea eta gaizki daudenei duintasuna itzuli nahi izatea. Besteak baino gehiago sentitu gabe.

Errukia norberaren eta inoren sufrimenduarekiko sentiberatasuna da. Bere helburua ulermenetik haratago doa, eta, horregatik, gizabanakoa mugiarazten du, ezinegon hori arintzeko eta prebenitzeko konpromisorantz.

Beharrezkoa den arren, egia esan, askorentzat, errukiaren kontzeptuak konnotazio negatiboa du («ez dut nahi nireganako errukia senti dezaten»). Zergatik da hain zaila kontzeptu hori integratzea?

Errukiaren esentzia erabat urruntzen da aurreiritzitik, gutxiespenetik edo baliogabetzetik, eta zuzenean erlazionatuta dago motibazioarekin eta maitasunarekin. Beste era batera esanda, sufritzen duenarengan ongizatea sortzera bideratutako portaera da (berriro diogu, pertsona bera edo beste bat izan).

Eta hau da Jesusen errukia, maitasun mugagabearekin lotutakoa. Bere begirada imajina dezagun eta guk ere maitasunez beteriko begi berri eta garbiak eska ditzagun gure ingurua begiratzeko. Konnotazio txarrik gabeko errukiarekin.

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.