HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Otsailak 9

Aldi hartan, Jesusek jendeari berriro dei egin eta esan zion: «Entzun denok eta ulertu ongi. Ez da ezer, kanpotik gizakiaren barrura sartuz, hau kutsa dezakeenik; barrutik ateratzen zaionak, horrek kutsatzen du gizakia»

Jendea utzi eta etxeratu zenean, hitz horien esanahiaz galdetu zioten ikasleek. Jesusek esan zien: «Beraz, ez duzue zuek ere ulertzen? Ez al duzue ikusten kanpotik sartzen zaion ezerk ez dezakeela gizakia zikindu? Sartu, ez baitzaio bihotzean sartzen, sabelean baizik, eta handik komun-zulora doa» Hitz hauekin, janari guztiak garbiak direla adierazi nahi zuen.

Eta gaineratu zuen: «Barrutik ateratzen denak, horrek bai egiten duela gizakia zikin. Izan ere, barrutik, gizakiaren bihotzetik, ateratzen dira asmo txarrak, lizunkeria, lapurretak, hilketak, adulterioak, diru-gosea, gaiztakeriak, maltzurkeria, lasaikeria, bekaizkeria, irainak, harrokeria, burugabekeria. Gaiztakeria hauek guztiak barrutik ateratzen dira, eta hauek dute kutsatzen gizakia».

Markos 7, 14-23.

Jesusek erabateko garrantzia kentzen die kanpoko itxurakeria, elikagai eta gorputzarekin lotutako ohitura edo legeei. Kanpotik egin eta besteek ikus ditzaten ekintzetan indarra jartzean ez dugu Jainkoa aurkituko. Bai ordea, gure barruko asmotan: askotan ez da garrantzitsuena zer egin dugun baizik eta nondik atera den eta zein izan den horretara eraman gaituena.

Zenbatetan irakurri ditzakegu idazki santuetan honelako eskaerak: “Jauna, jar ezazu nigan bihotz garbia!”, “Emaidazu izpiritu berria eta fidela!”.

Jesusek adierazi nahi die bere ikasleei zein garrantzitsua den gure barnekotasuna, gure sakontasunean eta gure buruaren hoberenarekin topo egiten dugunean aurkitzen duguna. Hor dago Jainkoa, gure buruarekiko fidelak garenean topatzen dugulako Berak eskaintzen digun maitasunez jositako bizitzarako proiektua. “Zorionekoak bihotzez garbiak” esango digu Jesusek berak.

Zer sortzen da nire bihotzetik? Zein asmok mugitzen naute? Nork “ordenatzen ditu nire asmoak”? Noren zerbitzura jartzen ditut nire desiorik sakonenak?.

Jauna, moldatu eta landu ezazu nire bihotza buztingile batek piskanaka bere hatzekin buztinari forma ematen dion bezala.

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.