HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 8
Aldi hartan, fariseuak eta Jerusalemdik etorritako lege-maisu batzuk hurbildu zitzaizkion Jesusi, eta ikasleetako batzuek esku kutsatuekin – hau da, eskuen garbikuntza egin gabe– jaten zutela ikusi zuten. Izan ere, fariseuek, eta juduek oro har, ez dute jaten lehenbizi eskuak arretaz garbitu gabe, zaharren ohiturari tinko eutsiz. Azokatik etxeratzean ere, ez dute jaten garbikuntza egin gabe; eta badute ohiturazko beste hamaika betebehar: hala nola, edalontzi, pitxer eta suilen garbiketa.
Horrela bada, fariseuek eta lege-maisuek galdetu zioten Jesusi: «Zergatik ez dute zure ikasleek zaharren ohiturari dagokionez jokatzen? Nolatan jaten dute esku kutsatuekin?» Jesusek erantzun zien:
«Itxurazaleok halakook! Ederki asko esan zuen zuetaz Isaias profetak, honako hau idatzi zuenean: “Herri honek ezpainez ohoratzen nau, baina nigandik urruti du bihotza; alferrik naute gurtzen, hauen irakaspena giza agindu hutsa da”. Zuek Jainkoaren agindua bazterrera utzi eta giza ohiturari eusten diozue» Eta jarraitu zuen: «Bai, lasai zokoratzen duzue Jainkoaren agindua, zeuen usadioak ezartzeko. Esate baterako, Moisesek esan zuen: “Ohoratu aita-amak”, eta “Aita nahiz ama madarikatzen duenak heriotza-zigorra izango du”. Zuek, berriz, beste hau diozue: “Norbaitek aitari edo amari esaten badio: Zuri eman behar nizukeena ‘Korban’ da (hau da, tenplurako opari), halakoak ez du aitari edo amari ezertan lagundu beharrik”. Horrela, Jainkoaren hitza baliogabe uzten duzue zeuen arteko usadioengatik. Eta horrelako asko egiten duzue».
Markos 7, 1-13.
“Itxurazaleok” hitza gogorra da, mingarria. Antzerki batean bezala, besteen aurrean interpretatzen dugun papera. Hitz honek nolabaiteko haustura dakar gure barneko benetazko izaera jatorra eta kanpokoei erakusten diegun itxuraren artean.
Gerta daiteke gure barne desioak eta asmoak oso argi eduki arren, Jainkoaren erreinua eraikitzeko orduan gure erantzuna erdizkakoa izatea, eta gure inguruan dauden balore edo ohiturek gu arrastaka eramatea nahi ez genukeen bizimodura. Horregatik hain interesgarria da Loiolako Ignaziok egiten digun proposamena: egunaren amaierako azterketa. Bertan, mozioak aztertuz eta egunari begiratuz, honelako galderak egin diezaizkiozakegu gure buruari: Fariseuak bezala, lasai gelditzen al naiz gizarteak ezarritako ohiturei men egitean? Nola hartu ditut gaur erabakiak? Nork baldintzatu nau? Zenbateraino normaltzat hartzen ditut betiko ohiturak behar bezala aztertu gabe?
Bestalde, Jesusek Moisesen “ohoratu aita-amak” agindua ekartzen digu. Ez da ez, edonolakoa. Gurasoak ohoratzeko modu bat da etengabe eskerrak ematea haiengatik, haien bitartez jasotako hainbeste gauza onengatik, hainbeste maitasunagatik. Ziurrenik, bizitza honetan eskaini zaigun Jainkoaren maitasuna ezagutzeko ezinbesteko baldintza: gurasoak. Haien maitasunaren fruitu gara eta haiek eman digute bizitza. Agian zerrenda bat egin dezakegu Jainkoari eskertzeko gurasoek eman eta eskaini dizkiguten hainbat maitasun une.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.