HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Otsailak 7

Aldi hartan, Jesus eta ikasleak, itsasoa igaro ondoren, Genesaretera iritsi ziren eta bertan lehorreratu. Ontzitik atera orduko ezagutu zuen jendeak Jesus, eta lurralde hartan barna joan ziren; eta Jesus nora, haraxe eramaten zizkioten gaixoak ohatiletan. Jesus joaten zen herri, auzo nahiz baserrietan, gaixoak atarietan ipintzen zizkioten. Soineko-ertza bederen ukitzen uzteko eskatzen zioten, eta ukitzen zuten guztiak sendaturik gelditzen ziren.

Markos 6, 53-56.

Jesusen erakargarritasuna izugarria zela argi geratzen da pasarte honetan. Bertakoek Jesusengana hurbildu eta bere gaixoak eramaten zizkioten “soineko-ertza bederen ukitzen uzteko”. Batzuetan Jesusen “erabilera” egiten da, hau da, Beregana jo arazotan gaudenean, gure etxeko norbait gaixotzen denean, laguntza behar dugunean… Hala ere, Jesus beti hor daukagu, prest, zain. Guk nahi dugunerako eta nahi ez dugunerako ere. Gure maitale iraunkorra da, guretzat hoberena nahi duena eta inork ez bezala maite eta ulertzen gaituena. Ikasiko al dugu inoiz Bera bezain eskuzabal izaten? Ziurrenik hori ere Berak eman diezaguken grazia da.

Bestalde, demagun gaur bertan Jesus etorriko dela gure auzora, gu ibili ohi garen leku batera. Zer egingo nuke nik Bere ondoan egoteko, Bera zuzenean hitz egiten entzuteko, Bera ukitzeko? Saiatu imajinatzen eszena hau.

Gure buruari galdetu dezaiokegu eguneroko bizitzan zein benetazko oztopo gainditu behar ditugun Jesusekin egoteko: goiz jaiki otoitz une bat izateko, gure plangintzan denbora bat gorde Beretzat, gaixo bat bisitatu, behar duenari dei bat egin eta hari entzun… Jesusen erakargarritasuna izugarria da gaur egun ere eta gure “zauriak sendatzeko” botika ezin hobea.

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.