Marmotaren eguna

2022 Ots 7

Sinestuna naiz, eta Jainkoak niretzako duen ametsa bizi nahi dut. Amets hori aldatzen doa bizi ahala inguruaren (gertukoa eta urrutikoa) beharrak eta norberaren beharrak aldatzen doazen heinean. Aldaketetara moldatzeko orain eta hemen presente -esna eta adi- egon behar gara, eta egoera “normal” batean hori zaila egiten bazait, pandemia egoerak areagotu dizkit, niri behintzat, egote horretarako erronkak. Hiru dira nire ustez oztopoak:

 

– Bata, beldurrak: errealak edo ez. Norberak bere beldurrak ditu: heriotzari, bakardadeari, kontrola galtzeari, etab. Beldurrak normalak dira, baina arazo bihurtzen dira beldurretik bizitzen hasten garenean, orduan mugatzen baikaituzte.

– Bigarrena izan daiteke etorkizuna ilundu izana. Halako egoera berri batean, non inork ez dakien zer gertatuko den, zenbat iraungo duen… etorkizuna, esperantza, … zentzugabeak bihurtzen dira. Eguna bizi dugu, bai, baina “marmotaren eguna” balitz bezala: nobedaderik gabea eta horretarako tarterik gabea.

– Azkenik, komunitate izate horrekiko desengainua. Osasuna denon artean bermatu behar den zerbait dela esaten digute, denon artean zaindu behar garela, eta horretarako arauk ematen dizkigute. Era berean, behin eta berriro ikusten duguna jarrera indibidualistak eta berekoiak dira. Horren aurrean etsipen sentimendua agertzea naturala izan daiteke.

 

Orduan, nola berrartu dezakegu izurritearen aurreko bidea? Alde batetik, gure burua behartu behar dugu horretara: partekatzen bizitzen ari garena, ametsari adi egote horretan lagungarri zitzaizkigun bitartekariak berriro aktibatzen. Bestetik, naturara bueltatzea onuragarria izan daiteke, natura garela gogorarazi. Natura behatu, barne isiltasuna berreskuratu. Isiltasunean aditzen da ametsa.

 

Argi dagoena da bizitzeak, zentzuz bizitzeak, merezi duela. Memoria egin eta izurrite aurreko garaietara jotzen badut, nire bizi esperientziak baieztatzen dit hori horrela badela, nahiz eta orain ez argi izan. Egunero bizitzaren aldeko hautua egiten jarraitzeko oroitzapenak eta bizipenak presente izan behar ditut, hori baita bizitzari zentzua aurkitzeko bideetako bat.