HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 6
Aldi hartan, jendea gainera zetorkion Jesusi, Jainkoaren hitza entzuteko; Genesaret aintzira-ertzean zegoen Jesus. Bi txalupa ikusi zituen ur-bazterrean geldi; arrantzaleak, ontzietatik jaitsita, sareak garbitzen ari ziren. Igo zen txalupa haietako batera, Simonenera, eta lehorretik pixka bat aldentzeko eskatu zion. Gero, eseri eta txalupatik jendeari irakasten jardun zuen. Hitzaldia bukatzean, esan zion Simoni: «Jo itsaso zabalera eta bota sareak arrantzurako» Simonek erantzun zion: «Maisu, gau osoan eginahalak egin eta ez dugu ezer harrapatu; hala ere, Zuk diozunez gero, botako ditut sareak» Hala egin zuten eta, hainbesteko arrain-pila harrapatu zuten, sareak lehertzeko zorian baitzeuden. Beste txalupako lagunei keinu egin zieten laguntzera etortzeko; etorri ziren, eta bi txalupak bete zituzten, ia-ia hondoratzeraino.
Gertatua ikusirik, Jesusen oinetan ahuspeztu zen Simon Pedro, esanez: «Alde nigandik, Jauna, bekataria naiz eta» Izan ere, zur eta lur zeuden Simon eta harekin ziren guztiak, eginiko arrantzuagatik, eta gauza bera gertatzen zitzaien Simonen arrantzu-lagun ziren Zebedeoren seme Santiagori eta Joani ere. Baina Jesusek esan zion Simoni: «Ez beldur izan, hemendik aurrera giza arrantzale izango zara» Haiek txalupak lehorrera atera zituzten eta, dena utzirik, jarraitu egin zioten.
Lukas 5, 1-11.
Konfidantza da pasarte hau irakurtzean indarrez sortzen den hitzetako bat. Konfidantza Jesusengan. Konfidantza gure sakon eta barnean hitz egiten digun horrengan, gure izaera jator eta berezkoarekin konektatzen dugunean sentitzen dugun konfidantza eta indarra.
Bizitzan zehar zenbaitetan ez dakigu nora garamatzan konfidantza horrek baina argi dago barruko pakea ematen digula. Simoni gertatu zitzaion bezala: gau osoan horretan jardun ondoren, jakinda ere alferrik izango zela, “aurrera!” esaten dio Jesusi. Batzuetan badirudi burua eta arrazonamendua alde batetik doazela, baina gure senak eta Jainkoarengan gure oinarria jarrita izateak, beste aldera zuzentzen gaitu.
Eta a ze ustekabeak hartzen ditugun! Guk ez ditugu bideak ezagutzen baina bada nork guretzat helmuga bat prestatu duen. Eta honen aurrean oso txiki sentitzen gara. Simon bezala. Askotan ez gara gauza sentitzen hainbeste on jasotzeko.
Hala ere, beti daukagu deia Jesusen antzera giza arrantzale izateko, bere lekuko, bere eskuak eta ahotsa, bere gertutasuna eta abegi ona besteekiko. Ez al da erronka ederra gure eguneroko bizitzarako?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.