HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Otsailak 5

Aldi hartan, apostoluek, berriro Jesusengana bildu zirenean, egin eta irakatsi zuten guztiaren berri eman zioten. Jesusek esan zien: «Zatozte zuek bakarrik leku bakarti batera, eta hartu atseden pixka bat».

Asko baitziren joan-etorrian zebiltzanak, eta ez zuten jateko ere astirik. Orduan, bazter batera joan ziren beraiek bakarrik, txalupaz. Baina jende askok ikusi zituen alde egiten, eta nora zihoazen igarri ere bai, eta herri guztietatik leku hartara jo zuten lasterka, oinez, haiei aurrea hartuz. Txalupatik ateratzean, Jesusek jendetza handia ikusi zuen.

Errukitu zitzaien, artzain gabeko ardiak bezala baitzebiltzan, eta luzaro irakasten hasi zitzaien.

Markos 6, 30-34.

Jesusen indar eta misioak beterik sentitzen dira apostoluak, bihotza emozioz gainezka dutelarik. Eta Iturrira itzultzeko gogoa eta beharra sentitzen dute zer egin eta erakutsi dutenaren berri emateko.

Jesusen harrera bi gakotan oinarritzen da: “zuek bakarrik leku bakarti batera” eta “hartu atsedena”.

Zenbaitetan gure eginkizun eta betebehar zuzenek gero eta gehiago eskatzen digute, zenbat eta behar gehiago ikusi orduan eta denbora eta ekintza gehiago eskatzen digutela iruditzen zaigu. Jakina, ulergarria da. Baina Jesusek gonbidatzen gaitu gelditzera, gure sakontasunera jaistera Jainkoarekin bakardadean topo egiteko, gure bateria kargatu ahal izateko, benetazko energia Iturrira konektatzera. Zaila gerta daiteke, baina ezinbestekoa da.

Honekin batera, gure buruaren zaintza aintzat hartzeko gonbita dago hemen ere. Zenbaitetan hainbeste eman nahi dugu gure inguruan, familian, lanean edo lagunartean, geure burua alde batera uzten dugula. Hemen beste dei bat dago: atsedena, gozamena, gure buruaren zaintza.

Nola nago goiko bi alderdi horiei begiratzen badut? Zer dei jasotzen ditut hemendik? Nola gauzatu ditzaket?

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.