HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 4
Aldi hartan, jakin zuen Herodes erregeak Jesusen berri, honen izena oso ezaguna baitzen.
Batzuek zioten: «Joan Bataiatzailea piztu da hilen artetik; horregatik du mirariak egiteko ahalmen hori» Beste batzuek, berriz: «Elias da» Eta beste zenbaitek: «Profeta da, antzinako profetak bezalakoa»
Iritzi hauek entzutean, hau zioen Herodesek: «Nik lepoa moztu nion Joan huraxe piztu da» Izan ere, Herodesek Joan harrapatu eta kartzelan lotua zuen, Herodias zela eta. Herodesen anaia Feliperen emaztea zen Herodias, baina Herodesek bere emaztetzat hartua zuen, eta Joanek esaten zion: «Ez zaizu zilegi zeure anaiaren emaztea edukitzea» Horregatik, gorroto zuen Herodiasek Joan eta hil egin nahi zuen, baina ezin, Herodesek begirune baitzion Joani; gizon zuzen eta santutzat zeukan, eta babestu egiten zuen. Joanen hitzek kezkarik sortzen bazioten ere, gogoz entzuten zion.
Etorri zitzaion, ordea, Herodiasi aukerako eguna: Herodesek, bere urtebetetzean, afaria eman zien agintari, gudalburu eta Galileako handikiei. Sartu zen jantokian Herodiasen alaba eta dantzan egin zuen, eta atsegin izan zitzaien Herodesi eta mahaikideei. Orduan, erregeak esan zion neskatxari:
«Eskatu nahi duzuna, eta emango dizut» Eta zin eginez agindu zion: «Eskatu ahala guztia emango dizut, nire erreinuaren erdia bada ere» Atera zen neskatxa eta bere amari galdetu zion: «Zer eskatuko diot?» Amak erantzun: «Joan Bataiatzailearen burua» Itzuli zen arin-arin erregeagana eta eskaria egin zion: «Emadazu oraintxe bertan Joan Bataiatzailearen burua azpilean»
Goibel jarri zen erregea, baina mahaikideen aurrean egindako zinagatik, ez zion ukatu nahi izan. Berehala, bere guardiako bat bidali zuen, Joanen burua ekartzeko aginduz. Joan zen hura kartzelara eta lepoa moztu zion, eta azpilean ekarri zuen burua; neskatxari eman zion, eta neskatxak amari. Joanen ikasleak, hori jakitean, haren gorpua jasotzera etorri eta hilobian ehortzi zuten.
Markos 6, 14-29.
Hona hemen gizakion mugen adibide argia: zerbaiti lotuta gaudenean, itsuturik, ez gara gai askatzeko eta horren menpe bizi gara. Erraza egiten zaigu besteek gaizki egiten dutena argi ikustea, gurearekin ordea, zailtasun handiagoak izaten ditugu. Herodesen erabaki eta bizipenei begira, zeozer begiratu dezakegu gure ispiluan ikusten garenean.
Irakurgai honetan gorrotoa, inbidia, botere gehiegikeria agertzen dira. Baina honekin batera, mugak, loturak, ezintasunak eta mendekotasuna. Ezin dugu aske izan eta zoriontsu bizi, gure barnea ez badugu munduko eta gure bizimoduko tentazioez libratzen: boterea, gehiago nahi izatea, ospea…
Edozeinek esan dezake: zer botere daukat nik? Zein ospe daukat? Bai, gutako bakoitzak gauden tokian gaudela, gure izen ona mantendu nahi dugu, gure ingurukoek zer esaten duten axola zaigu eta gure boterea gure eguneroko erabakietan dago. Zer erabakitzen dut? Zer hartu eta zer uzten dut? Nor hartu eta nor uzten dut?
Agian ez dira aurreko horiek, baina… zerk lotzen nau ni? Benetazko askatasuna lortzen dugu Jesus bezala, umil eta zuzen garenean, Jainkoari lotuta gaudenean eta Bera hartzen dugunean benetazko Iturri eta iparrorratz gisa. Jauna, aska gaitzazu zoriontasunetik aldentzen gaituzten atxikimenduetatik eta emaiguzu indarra behartsu, umil eta Zuri lotuta bizitzeko.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.