Santageda-Makilak

2022 Ots 3

Santa Ageda, otsailaren 5ean ospatzen da baina bezperan, besteak beste, santari dagokion kopla-kantu-hotsa dugu gure ohituretako bat. Kantu-hotsari laguntzeko, abeslari bakoitzak bere makila eramaten du kantua eta erritmoa bateratzeko. Kopla zein bertsoetan, hasteko, agurra, eta gero Agate Deuna martiriaren bizitza kantatzen da. Azkenean beste agur bat  gabonsaria lortzeko, tokian tokiko pertsona estimatuena goraipatuz. Abeslariak, lehenago, kintoak ziren, gerora beste talde askotara zabaldu da, hobaria norberarentzat edo behartsuentzat izanik.

Makila dela-eta, zer esan? Ba, begira, latineko “baculum” hitzetik, “baculo” daukagu gazteleraz, eta “makulu” euskeraz. Latineko “bacillum” diminutibotik dator euskerazko “makil(l)a”. Santageda-makila-kolpeak, lurra negutik iratzartzeko zirela diote batzuek baina  nork jakin zehatz? Lurra jo, lurra lantzea da eta hori ez da makilaz egiten. Erromatarren garaian, otsaila, “februarius” latinean, purifikazio hila zen eta jai pagano handiak egiten ziren. Horregaitik, Gelasio I. Aita Santuak, Kandelario, San Blas, Santa Ageda, etab… jarri zituen garaia kristautzeko. Gaur agnostiko askok paganismo garaira jotzen du baina garai biak errespetatu behar lirateke, fededuna izan nahiz ez izan. Horregatik ba, zaindu ditzagun euskaldun egiten gaituen jentilaro zein kristauaroko euskal ohiturak.  Eup!