HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 3
Hamabiei dei egin eta binaka bidaltzen hasi zen, espiritu gaiztoak botatzeko ahalmena ematen ziela. Biderako deus ere ez hartzeko agindu zien, makila bat besterik: ez ogirik, ez zakutorik, ezta gerrikoan dirurik ere; oinetan sandaliak eraman zitzatela, baina aldatzeko soinekorik ez. Gero nola jokatu esan zien: «Etxe batean sartzen zaretenean, gelditu bertan herri hartatik atera arte. Eta nonbait onartzen ez bazaituzte eta entzun nahi ez, handik alde egitenan, astindu zeuen oinetako hautsa, beraien kontrako seinaletzat».
Joan ziren, bada, haiek eta berri ona hots egin zuten bihozberri zitezen. Deabru asko botatzen zuten eta gaixo asko sendatzen, olioz igurtziz.
Markos 6, 7-13.
Orain ere Jainkoaren erreinua, maitasunaren erreinua eraikitzeko gonbita jasotzen dute (eta dugu) Jesusen jarraitzaileok. Baina horretarako, beharrezkoa da gu Jesusengandik hurbil egotea, Iturriari lotuta: umil eta aske, beste atxikimendurik gabe. Ez oinetako, ez soineko, ez diru, ez janari… soil-soilik, konfidantza gainezka Beragan.
Eta honez gain, jendearengana nondik eta nola hurbildu argitzen die Jesusek ikasleei: bihotza prest eta garbi dutenengan habia egin.
Ze pozgarria den Jesusen ikasleak adoreturik ikustea berri ona hots egiten besteei haiek bizi izan zuten askapena eta bihotzberritzeko aukera eramanez.
Gure gaur egungo deabru eta gaisotasunak askatzeko ahalegina ere egin al dezakegu guk? Lehendabizi norbere burutik hasita, eta ondoren besteekin? Ze dei egiten digu Jesusek gaur gutako bakoitzari?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.