HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 2
Moisesen legearen arabera, amari garbikuntza egiteko unea iritsi zitzaionean, gurasoek Jerusalemera eraman zuten Jesus, Jaunari aurkezteko. Izan ere, honela dago agindua Jaunaren legean: «Lehen-seme guztiak Jaunari sagaratuko dizkiozue» Jaunaren legean ezarritako oparia ere eskaini behar zuten: «Bi usapal edota bi usakume»
Bazen Jerusalemen Simeon izeneko gizon bat, gizon zintzo eta jainkozalea, Jainkoak Israel noiz kontsolatuko zain zegoena. Espiritu Santua berekin zuen, eta aditzera emana zion ez zela hilko Jaunaren Mesias ikusi arte. Eta Espiritu Santuak eraginda tenplura joan zen. Legeak agintzen zuena betetzeko gurasoek Jesus haurra tenplura eraman zutenean, Simeonek haurra besoetan hartu eta Jainkoa bedeinkatu zuen, esanez: «Orain utz dezakezu, Jauna, zeure morroi hau bakean hiltzen, Zeuk hitzeman bezala. Ikusi dute nire begiok zugandiko salbamena, herri guztien aurrean Zuk aurkeztua: nazioak argitzeko argia eta zure herri Israelen ospea» Haurraren aita-amak harriturik zeuden haurraz esaten zirenekin. Eta Simeonek bedeinkatu egin zituen, eta haurraren ama Mariari esan zion: «Begira, israeldar asko erortzeko eta beste asko altxatzeko ipinia dago hau; eztabaida sortzen duen ezaugarri izango da, horrela bihotz askotako asmoak agerian geldi daitezen. Eta zuri ezpata batek aldez alde zulatuko dizu arima»
Bazen profetesa bat ere, Ana zeritzana, Fanuelen alaba, Aserren jatorrikoa. Urteetan oso aurreratua zen; gaztetan ezkondu eta zazpi urtez senarrarekin bizi ondoren, alargun gelditu zen, eta bazituen laurogeita lau urte. Gau eta egun tenpluan egoten zen, barau eta otoitz, Jainkoa zerbitzatzen. Ordu hartan han gertatu zen, eta Jainkoa goresten eta haurraz mintzatzen hasi zitzaien Jerusalemen askatasunaren zain zeuden guztiei.
Jesusen gurasoak, dena Jaunaren legeak agintzen duen bezala bete ondoren, Galileara itzuli ziren, beren herri Nazaretera. Haurra hazten eta indartzen zihoan, jakinduriaz betetzen ari zen eta Jainkoaren grazia berekin zuen.
Lukas 2, 22-40.
Ingurumari sekularizatuan bizi gara, non bizipen erlijiosoa ezkutatzen den (dugun). Gure sekularizazioak aniztasuna dakar nahitaez. Sinesmen, bizimodu, logika eta etika asko, gero eta gehiago espazio berberean: gizabanakoaren ziurgabetasun eta “celebrity”-en gorakada nabarmena dakartza.
Simeonen eta Anaren gizartea ez zen sekularizatua; anitza bai, ordea, oso nahasia eta korapilatsua. Giro horretan, Simeon eta Ana “celebrity” bitxiak (harribitxiak) dira.
Itxaropenak bizi du Simeon; egunero zain eta adi dago; Espiritu Santuari lehentasuna ematen dio, bere urratsen norabidea zehaztean. Haren itxaropena salbamena da, itxaropen sakona eta irmoa, bizitzako gatazkei eta arrakalei aurre egiten dakiena. Nahiz eta jakin historiaren gertakariak ezpata bezalakoak direla –arima aldez alde zulatzen duen ezpata beldurgarria–, itxaropena harago eta sakonago kokatua du, bizitzaren erraietan.
Anaren bokazioa zerbitzua da; edozein egoeratan –gazte ezkongabe, ezkondu, alargun gazte edo alargun zahar–, zerbitzatzen dago beti. Doako zerbitzuan engaiaturik, askatasunaren zain dago, askatasuna egunero lantzen, errotikako askatasuna jasotzeko prest.
Garai nahasietan, Jainkoaren presentzia eta bisita hautemate aldera, lekuko eta gonbidapen dira bi “celebrity” bitxi hauek.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.