HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Otsailak 1

Aldi hartan, Jesus itsasoaz bestaldera itzuli zenean, jende-talde handia bildu zitzaion. Artean itsaso ondoan zegoela, sinagogako buruzagietako bat etorri zen, Jairo zeritzana; Jesus ikustean, haren oinetan ahuspezturik, arren eta arren eskatzen zion: «Hilzorian dut alabatxoa; zatoz haren gainean eskuak ezartzera, senda dadin eta bizi» Jesus harekin abiatu zen. Jende asko zihoakion ondoren, estutuz.

Bazen han emakume bat, hamabi urtetan odol-jarioa zuena. Hamaika sendagileren eskuetan jasatekoak jasana zen, eta bere ondasun guztiak ere horretan emanak zituen; baina sendatu beharrean, gero eta okerrago zihoan. Jesusen berri entzunda, jende artean atzetik joan eta jantzia ukitu zion, hau baitzioen bere artean: «Jantzia bederen ukitzen badiot, sendatuko naiz» Une berean odol-jarioa gelditu zitzaion, eta gaitza sendatua zuela sumatu zuen bere gorputzean. Berehala antzeman zion Jesusek halako indar bat atera zitzaiola barnetik eta, jende artean itzulirik, galdetu zuen: «Nork ukitu dit jantzia?» Ikasleek erantzun zioten: «Hainbeste jendek estutzen zaituela ikusi, eta nork ukitu zaituen galdetzen al duzu?» Baina Jesus ingurura begira zebilen, nork egin ote zion hori. Orduan, emakumeak, beldurrez dar-dar –ongi baitzekien zer gertatu zitzaion–, oinetara erori eta egia osoa aitortu zion. Baina Jesusek esan zion: «Alaba, zeure sinesmenak sendatu zaitu; zoaz bakean, eta sendatua bekizu gaitza»

Artean hizketan ari zela, sinagogako buruzagiaren etxetik etorri ziren, esanez: «Hil zaizu alaba. Zertako eman neke gehiago Maisuari?» Baina Jesusek, hitz horiek entzunik, sinagogako buruzagiari esan zion: «Ez beldur izan; zuk sinetsi!» Ez zion inori ere berekin joaten utzi, Pedrori, Santiagori eta honen anaia Joani izan ezik. Sinagogako buruzagiaren etxera iristean, ikusi zuen Jesusek hango istilua, jendea negarrez eta garrasika. Sartu eta esan zien: «Zer dela-eta horrenbeste istilu eta negar? Neskatxa ez dago hilda, lo dago» Haiek barre egiten zioten. Baina Jesusek denak kanpora bidali zituen eta, neskatxaren aita-amak eta berarekin zituenak harturik, neska zegoen tokira sartu zen. Neskari eskutik heldu eta esan zion: «Talitha, kum» (hau da: «Neskatxa, zuri diotsut, jaiki»). Berehala zutitu eta ibiltzen hasi zen, hamabi urte bazituen eta. Jende guztia harri eta zur gelditu zen. Jesusek zorrotz agindu zien inork ere ez zezala jakin. Eta neskatxari jaten emateko esan zien.

Markos 5, 21-43.

Minean, itolarrian, azken arnasetan dabilen jendea hurbiltzen zaio Jesusi, iman bat balitz bezala.

Testuinguru horretan, Jesusen ateraldia bitxia da: “zure sinesmenak sendatu zaitu; zoaz bakean, eta sendatua bekizu gaitza”. Nolabait, jendea mirari bila doa Jesusengana eta Jesusen erantzuna ustekabekoa da: sinesmena bera da miraria.

Bizitza galtzeko arriskua dugunean, minak itotzear gauzkanean, sinesmenak mugiarazten gaitu, biltzaile bihurtzen du pertsona mindua. Sinesmen mota hori bizitzaren aldeko apustua da, bizi pozaren aldeko borrokan jarraitzeko gogo bizia eragiten baitu.

Jesusek goraipatzen duen sinesmena beldurraren kontrako antidotorik onena da; beldurrak geldiarazi egiten gaitu, sinesmenak, berriz, mugiarazi.

Sinesmen horrek errealitateari beste modu batean begiratzea dakar, jendeak hildakotzat ematen duena bizirik dagoela antzemateraino.

Sinesmen horrek argituta, sinesmen horren bila, zure atzetik gabiltza, Jesus, giza historian barrena.

Espiritu Gurena, handitu eta indartu gure sinesmena, errealitatea Jesusek ikusten duen moduan ikusteko, minaren eta gaitzaren hatzaparretan gatibu ez geratzeko!

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.